Lesakako Tantirumairu ikastolak jantoki osasungarri eta iraunkorrekin segituko du datorren ikasturtean ere

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 10a, 15:00
Ekoaldeko, Nafarroako Ikastolen Elkarteko eta Tantirumairu ikastolako ordezkariak Lesakan.

Ekoalde eta CPAEN/NNPEKen bidez egin dute kanpaina, Nafarroako bertze hiru ikastolekin batera

Paz de Ziganda, Jaso, Argia eta Lesakako Tantirumairu ikastolek erosketa-hitzarmenak berritu dituzte Ekoalderekin. Datorren ikasturtean elikagai ekologikoak, freskoak, tokikoak, sasoikoak eta lehen sektoreak hornitutakoak erabiltzen segituko dute. Jantoki osasungarri eta jasangarrien balorazioa hagitz positiboa da, bai elikaduraren kalitateagatik, bai tokiko sektore ekologikoa egituratzeko ematen duten laguntzagatik. Guztira, 1.700 menu zerbitzatzen dituzte egunean, eta elikagai ekologikoen eta tokiko elikagaien ehunekoa %13,38 eta %57,97 artekoa da, ikastolaren arabera.

Argia ikastola izan zen 2019an jangela aldatzen hasi zen lehena, CPAEN/NNPEK eta INTIAren proiektu pilotu baten bidez. Urtebete geroago, bertze hiru ikastolak (Paz de Ziganda, Jaso eta Tantirumairu) jantoki kolektibo ekologiko eta jasangarriak bultzatzeko Janos proiektuarekin bat egin zuten. Orain, 2021ean, lau ikastolek datorren ikasturterako erosketa akordioak berritu dituzte Ekoalderekin, aurtengo emaitza onen ondorioz. Proiektu hau CPAEN/NNPEKk jantoki kolektiboetan elikagai ekologikoak, tokikoak eta lehen sektoreak hornitutakoak sartzeko egiten duen lanaren parte da. 

Menu osasungarri eta jasangarriek osasun-agintarien gomendioei jarraitzen diete nutrizio-irizpideei dagokienez, eta sasoiko elikagaiak, freskoak, tokikoak eta ekologikoak sartzen dituzte. Gure lehen sektoretik datozen elikagai mota horiek gure elikadura-ohiturak birbideratzeko, ingurumena errespetatzeko eta landa-garapenean eragin positiboa izateko tresna dira.

Horretarako, Ekoalde (elikagai ekologikoen logistika-zentroa) arduratzen da elikagaiak hornitzeaz, 70 ekoizle eta elaboratzaile baino gehiago elkartuz, eta kolektibitateen kanalean sartzeko aukera emanez, produktuak batera eskainiz. Lan hori garrantzitsua da, kontuan hartuta ikastetxeek ezinezkoa dutela banakako hornitzaileak jaso, eta, horrela, sektore ekologikoa orain arte iristen ez zen merkatu batean sar daiteke.

Nafarroako Ikastolen Elkarteak, CPAEN/NNPEKk eta Ekoaldek funtsezkoa ikusten dute menu osasungarri eta iraunkorren alde jarraitzea. Erosketa-akordio horiek lehen sektorea planifikatzen laguntzen dute, bidezko prezioak ezartzeaz gain. Bertzalde, Nafarroako sektore ekologikoarekin lan egiteko aukera ematen du, kolektibitateak hornitzeko, egituratzeko eta esparru horretan profesionalizatzeko.

Parte hartzen duten ikastolak elikadura osasungarriarekin eta ikasleen hezkuntzan bizi-ohitura osasungarriak sustatzearekin konprometituta daude. Menuaren elaborazioan eta sukaldeek elikagai freskoak eta sasoikoak sartzeko duten gaitasunean izandako aldaketa horiek ikastetxeen inplikazio aktiboa eskatzen dute, bai zuzendaritzaren aldetik, bai sukaldeko langileen aldetik, bai zaintzaileen eta irakasleen aldetik ere.

Aldaketak menuetan

Zentroetako menuetan izan diren aldaketen ondorioz, Nafarroako elikagai ekologiko hauek sartu dira plateretan: lekaleak, haragia, arrautza, jogurta, oloa, olioa, kontserba eta barazki gehienak. Tokiko elikagai ekologikoen ehunekoa %13,38 eta %57,97 artekoa da, ikastolaren arabera, eta 1.700 menu inguru zerbitzatzen dira egunean. Guztira, Nafarroako 23 ekoizlek parte hartzen dute lau zentro horietara haien elikagaiak eramanez. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun