Gaizka Sarasola Iarzabal

«Protestarako indarra dagoen bitartean antzerkia eginen dugu»

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 12a, 10:00

Antzerkiaren sormen prozesuan gozatzen duela dio Sarasolak, bereziki «idazterakoan eta muntatzerakoan».

Sarasolaren bi antzerki obra bilduz 'Zerrakuretan' liburua argitaratu dute Susa argitaletxeak eta Euskal Herriko Antzerkizaleen elkarteak Ganbila bildumaren barrenean.

G. Pikabea | LESAKA

Antzerki «herrikoitzat» du bere lana Gaizka Sarasolak (Lesaka, 1974), bertzeak bertze, «herriko eta inguruko lagunen artean egina» delako eta herrian eta inguruan «ikusi, aditu eta bizi-
takoarekin» osatzen duelako mamia. «Kezkek» ematen diote antzerkia idazteko bide, eta hala gozatzen du, antzerkia idatziz, muntatuz eta antzeztuz. 20 urtetik goiti ditu horretan, eta bidean bi antzerki liburu argitaratu ditu: 2016an Erleak, satorrak eta beleak, eta berriki Zerrakuretan, 2018an estreinatu zuten Txoriak eta Zauriak eta aurten taularatu duten Iluntzen antzerkiak bilduz.

Antzerkigintzan ez zara hasi berria. Nolakoa izan zen hasiera?

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak gazteak euskararen munduan mugitzeko gorputz adierazpenari buruzko ikastaro bat antolatu zuen eta horrela hasi zen dena. Lagun batzuk zerbait gehiago egiteko gogoz gelditu ginen eta gaztelerako testuak euskarara itzulita antzerkiak egiten hasi ginen. Horrela sortu genituen Trizikloa eta Zugarramurdiko sorginen inguruko antzezlanak. Gero gure testuak sortzen hasi ginen. 

Mairu Antzerki Tailerrarekin ibili zara. Taldeak zer martxa izan du?

Talde amateurra gara, eta bulkadaka funtzionatzen dugu, proiektu bat sortzen bada, harekin aitzinera eginez. Gazteagoak ginenean, eta denbora gehiago genuenean, indar gehiago egiten genuen. Gero, lana, familia... uztartzea zaila izaten da eta urte batzuez nahiko utzia izan genuen. Hala ere, Keinu Leihoak jardunaldiei hasieratik eutsi diegu. Azken urteotan berriz ere hasiak gara. 

Zer moduzko lana da Zerrakuretan?

Taularako egindako bi lanen ondorioa bertzerik ez da. Normalean, emaitzarekin gustura gelditzen naizenean ematen ditut testuak bukatutzat eta bi antzezlan horiek taula gainean izan duten emaitzarekin ere kontent gelditu gara. Hortik aparte, Manex Fuchsek eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteko lagun batek hitzaurre politak egin dituzte eta azala ere polita gelditu da. Liburua nola gelditu den gustatu zait.

Nondik datorkio izenburua?

Bi antzezlan izanda, zaila izaten da titulu bat bilatzea. Kasu honetan, azalak eman zidan izenburua aukeratzeko pista bat. Azalean zerrakura bat ageri da eta gainera antzezlan ba-
tean aipatzen den toki batean ateratako argazkia da. Horrez gain, bi antzezlanetan pertsonaiak nolabaiteko mugen barrenean daude, itxitura batean baleude bezala. Txoriak eta Zauriak lanean, gordean babesa bilatzen dute, eta Iluntzenen beraien mugetatik aparte itxaropena bilatzen dute.

«Antzerkiak zer garen erakusteko balio dezake»

Gaizka SARASOLA IARZABAL, Lesakako antzerkigilea

Manex Fuchsek hitzaurrean dio ez duzula antzerki erraza idazten...

Niri erraza egiten zait, baina onartu behar dut antzerkiaren haria segitzeko ikusleak jarrera aktiboa izan behar duela. Uste dut zentzu horretan erraten duela Fuchsek. Testuan informazio eta eduki aunitz ageri dira, eta ikusleak, ulertu nahi badu, burua erne eduki eta interesa paratu behar du.

Antzerki herrikoia da zurea?

Bai. Antzerkia egiten dugunak herriko eta eskualdeko lagun batzuk gara eta lantzen ditugun gaiak gure komunitateari edo inguruari lotutakoak dira. Antzerkiak sortzeko inguruan ikusi, aditu edo bizitzen dugunetik elikatzen gara eta alde horretatik herrikoia da. 

Hitzaurrean antzerki herrikoia sortu nahi duenak lanak izaten dituela leitu dugu. Zaila da?

Antzerkia idaztea ez zait zaila egiten. Erne egon, barneratu eta ganbaran pilatutakoa antolatu eta antzezlan baten bidez kanporatzeko bidea bilatzea da kontua. Hobekiago edo okerrago eginen dut, baina aunitz disfrutatzen dut. 

Txoriak eta zauriak antzezlana 2018an aurkeztu zenuten. Zein bide egin zuen?

Ez nahi bezain luzea. 2018an eta 2019an sei-zazpi saio egin izanen genituen. Talde amateu-
rra izanda, zaila da eskualdetik kanpo oihartzuna izatea eta pentsatzen dut Iluntzen lanarekin berdin gertatuko zaigula. Ekainean Gipuzkoan emanaldi bat izanen dugu eta hortik aitzinera mugitzen saiatuko gara, baina konplikatua da. Zirkuitu ttikia du euskarazko antzerkiak, ez da behar adina inbertitzen eta aunitz dira, estreinatu arren, emanaldi aunitzik gabe gelditzen diren lanak. Guk ere gehiago nahi genituzke, baina ez da inolako trauma guretzat, ez baitugu ogibide eta gustatzen zaigulako egiten baitugu. Lana sortu eta emanaldia egitearekin nahiko asebeteak gelditzen gara. 

Aurten estreinatu duzue Iluntzen. Zer moduz atera zen?

Bai Lesakan egin genuen estreinaldia baita Berako saioa ere ongi atera ziren. Emanaldiak ez dira sekula berdin-berdinak izaten eta beti izaten da zer findu edo zer hobetu, baina orokorrean hagitz kontent gelditu ginen eta jendearen gustukoa izan zela iruditu zitzaigun, lan txukuna egin eta baloratu zutela sentitu genuen.

Industriaren gainbeheragatik hustutako herri bati buruzkoa da Iluntzen. Herri horrek badu izenik?

Bai, Lesaka izan daiteke edo Euskal Herriko bertze edozein herri. Europa berari ere pasatzen ari zaio, zaharkitua gelditzen ari da. Poliki-poliki husten eta itzaltzen ari diren herri aunitz daude. Industrializazioarekin herriak handitzen ikusi ditugu, ostatuak eta komertzioak sortzen eta etxeak egiten. Lan egiten zen garaiak ziren, baina ongi bizi ziren. Orain, ordea, sistema honekin, hori dena agortu da eta hemen bizitutakoa bertze lekuetara eraman nahi dute. Iluntzen antzezlanean bezala, gure herria erakargarri bihurtu nahian ari gara, turismoarekin jendea kanpotik erakarri nahian, eta gauza erakargarri horietan dugu itxaropena, baina ez dakit hori den etorkizuna edo sistema honi buelta eman eta bertze modu batera bizitzeko garaia den.

«Agertokietan ez dago sortzen diren lan guztientzat tokirik»

Gaizka SARASOLA IARZABAL, Lesakako antzerkigilea

Zergatik gai hori?

Ikusten duguna da, eta ikusten dugunetik bizi gara. Desindustrializazioa, lana galtzea, gazteak kanpora joatea, fabrika gero eta hutsago egotea, itxaropena turismoan bilatzea... Hori dena ikusten ari gara eta antzerkiak jendeari zer garen erakusteko edo hausnartzeko balio dezake. Nik ez dut soluziorik, arazoa planteatu bakarrik egin dut. Hortik aitzinera soluzioa duen jende argiagoa baldin bada, hobe. 

Zenbat du errealitatetik eta zenbat fikziotik?

Ez dakit fikzioa zein neurritan ez den errealitatea. Kristobal pertsonaia, adibidez, Iturengo Kristobalen kantatik hartua da. San Kristobal bidaiarien patroia zen, ibaia gurutzatzen laguntzen zuena, eta kantak dio Kristobal urtu zutela joareak egiteko. Azken batean, Kristobal maingu uzten baduzu ez duzu bidaia egiten eta ez duzu jendea guregana etortzen uzten. Nahiz eta itzaltzen ari garen, muga paratzen segitzen dugu eta ibaian ez, baina itsasoan jendea itotzen ari da. Bere garaian joareak egiteko Kristobal urtu zuten bezala, guk ez diogu jendeari itsasoa gurutzatzen laguntzen. Dena nahi izate horrek gu baino behar handiagoa dutenei laguntzea eragozten digu. Shepherd jauna da bertze pertsonaia bat, industrializazio garaian, Ingalaterratik etorri ziren ingeniariak irudikatu nahian sortua. Dena fikzioa da, baina errealitatetik edo kondairatik abiatuta egina.

Nahita edo ez, antzerkian gai ilunak aukeratzen dituzula uste duzu?

Ez ditut nahita aukeratzen, eta idazterakoan ez naiz ilun egoten; gogoz, kontent edo argi ez banengo, ez nuke eginen. Baina kezkek edo haserreek sortzen dute idazteko beharra eta orain arte gai ilunak tokatu dira. Antzerkia sorreratik protesta egiteko tresna bat izan da, konforme ez gaudena kritikatzeko. Antzerkia egiteko motiboak ez dira desagertzen eta protestarako indarra dagoen bitartean antzerkia eginen dugu. 

Musikaria izanda, zenbateko presentzia du musikak zure lanetan?

Musika dezente erabiltzen dut. Antzerkia idazterakoan dena ahalik eta hobekien irudikatzen eta zehazten saiatzen naiz, eta soinuek garrantzia baldin badute hori ere testuan idazten dut, baita isiluneak ere. Antzerki bakoitzerako musika bat bilatzea gustatzen zait, eta pertsonaia bakoitzaren mugimenduak, begiradak edo hitzak nola izan daitezkeen irudikatzeko musika erabiltzen dut. 

Aktorea ere bazara... Idaztea edo antzeztea duzu nahiago?

Bereziki sortzen gozatzen dut, idazten eta muntatzen. Emanaldietan ere ongi pasatzen dut eta guttien gustatzen zaidana emanaldiak zabaltzen saiatzea da, jendeari galdeka aritzea. 

Mugarik izaten duzu idazterakoan?

Gaitasunaren mugatik aparte, normalean nahiko libre sentitzen naiz, baina batzuetan
norbait mintzen ahal dela pentsatu izan dut, eta holakoetan autozentsura agertzen da. Txoriak eta Zauriaken sentsazio hori hagitz presente izan nuen. 

Antzerki gehiago idatziko dituzu?

Ideiak baditut, eta antzerkia idazten segitu nahi dut. Espero dut taldean ere antzezten segitzea. Oraingoz, Iluntzen zabaldu nahi dugu eta horren ondotik, indarberrituta, ea bertze zerbaitekin hasten garen.

Nola ikusten duzu euskarazko antzerkigintza?

Sormen aldetik hagitz osasuntsu dago, lan aunitz egiten dira, baina agertokietan ez dago denentzako espaziorik, eta bizia hortik atera nahi duenarentzat traumatikoa izan daiteke. Horrekin batera, azken boladan lagun bateko lan gehiegi daudela uste dut. Errentagarri izateko nahiak antzezlan aunitz aktore bakarrarekin edo birekin egitera mugatzen ditu, eta horrek gai pertsonalak bakarrik lantzera garamatza. Komunitateari lotutako gai kolektiboen, sozialen eta politikoen falta sumatzen dut.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun