EITBk urtero San Juan Bezperarako emanaldi berezia antolatu ohi du. Urtez urte, Euskal Herriko txoko bat aukeratu ohi du horretarako eta aurtengoan Beran eginen dute. Bizi dugun egoera tarteko, publikorik gabe eginen dute baina zuzenean EITBn ikusi ahal izanen da.
Antolakuntzan lagun izan duten Angel Mariezkurrenak kontatu digunez, Euskal Herriko hainbat txokotako jendea bilduko da eta «35-40 minutu» iraunen duen ekitaldia izanen da: «herriko haurrek bi kanta kantatuko dituzte, dantzariak, Zubietako joaldunak, Lara eta Gema txalapartari profesionalak, Menditarrak, Lekeitioko deabruaren antzerkia, Estitxu Pinatxo eta Mikel Santxez… denetik izanen da».
Udaletxeko balkoitik Ekhiñe Zapiain kantari ikusiko dugu eta, noski, San Juan bezpera izaki, suak ere bere tokia izanen du. Udaletxearen eta elizaren arteko plazan eginen dituzte grabaketak baina, aipatu bezala, ez da ikuslerik onartuko. Etxeko pantailetatik gozatu ahal izanen da Ilaski Serranok eta Antton Telleriak aurkeztutako saioa, 22:30ean EITBn.