Eskudero eta Zabaleta goizuetarrak eskuzko Nafarroako Foru Komunitateko Txapelketaren finalean izanen dira

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 7a, 14:00

Berriozarren eta Beran jokatu dute asteburuko jardunaldi bikoitz arrakastatsua

Asteburu honetan Berriozarren eta Beran jokatu den jardunaldi bikoitz arrakastatsuaren ondotik, Nafarroako Foru Komunitateko Txapelketak bere finalerako bidea argitu du; senior mailako pilota mistoko final-laurdenak, eta pilota goxoko gazteen finalerdiak eta senior mailako finala zehaztu baitira. Hain zuzen, Goizuetako Maria Eskuderok eta Ainhoa Zabaletak, Panpi Laduche botillero duten Ania Oronoz eta Maria Goienetxe izanen dituzte arerio.

Pilota mistoko senior mailako jardunaldi bikoitzak larunbat goizean Tafallan jokatuko diren final-laurdenetako kanporaketak argitu ditu. Amaia Aldai-Naroa Agirre/Iera Agirre-Arrate Bergara, Andrea Aldaregia-Maite Ruiz de Larramendi/Ainhoa Ruiz de Infante-Oihana Orbegozo; Olatz Arrizabalaga-Gentzane Aldai/Leire Garai-Nora Mendizabal eta Irantzu Etxebeste-Gaminde/Salsamendi-Olatz Ruiz de Larramendi dira hurrengo jardunaldiko kanporaketak. Asteburu honetako gauzarik aipagarrienen artean, Enara Gaminde debutariaren lana nabarmendu beharra dago. Bezperan eskua mindu zitzaion Erasunen ordez aritu behar izan zuen normalean gazteen mailan lehiatu ohi den pilotaria eta onenen artean ere bere lekua baduela erakutsi zuen.

Izan ere, harrobiko lan hori eta esku pilotan lehiatzen hasten diren gazte horiei aukerak sortzea da lehiaketa honetako altxorrik handienetako bat, astero-astero, ezkutuko talentu hori guztia erakutsiz. Urrunagoko lekuetan egiten den lanaren erakusgarri ere bada txapelketa, esaterako, Bartzelonako Maria Isabel Garcia-Leire Arribas larunbatean Tafallan jokatuko diren pilota goxoko finalaurrekoetarako sailkatu dira. Leire eta Nagore Galeano Antzuolako ahizpen aurka neurtuko dituzte indarrak. Beste finalerdia Irati Salinas-Alejandra Byliak eta Leire Oskoz-Erika Alvarez bikoteek jokatuko dute.

Azken finean, exijentzia maila handituz doa astero txapelketan, harmailetatik pilotarien bidelagun izatea aukeratu duten pilotazaleen gozamenerako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun