Ramontxo Arandia beratarra Espainiako txapeldunordea izan da Ipar Martxan

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 8a, 08:00

Igandean jokatu zen 'III. Trofeo Cidade de A Coruña' Ipar Martxako txapelketa. 178 ibiltarik parte hartu zuten bertan, 14 kilometroko ibilbide batean.

Joan den urtean, pandemia tarteko, ez zen Ipar Martxako Txapelketa jokatu, eta gogotsu izan dira aurten ibiltariak. A Coruñako Torre de Hercules inguruan egin dute lasterketa, bortz kilometroko itzuli bat eta hiru kilometroko hiru itzuli, 14 kilometro guztira.

Gizonezkoen kategorian, Ramon Alvarez izan da txapelduna 1:28:24ko denborarekin. Haren gibeletik eta minutu baten aldearekin, 1:29:35ko denborarekin, Ramontxo Arandia beratarra izan da bigarren. Juan Carlos Cabello hirugarren gelditu da 1:39:36ko markarekin.

Ramontxo Arandiak lortu du bigarren postua.

Emakumezkoetan, berriz, Sonia Miraz izan da lehenbizikoa 1:35:51ko denborarekin. Izaskun Bengoa izan da bigarren 1:38:35ko denborarekin eta Arantxa Pinedo hirugarren 1:39:36ko denborarekin.

Guztira, 11 autonomia erkidegoko selekziok parte hartu dute txapelketan. Emakumezkoetan, euskal selekzioa (Euskal Mendizale Federazioa) lehenbizikoa izan da. Gizonezkoen artean, berriz, hirugarrena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun