Lehen aldiz hirugarren mailara igo da Lesakako Beti Gazte futbol taldea

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 7a, 07:00

Mastegin 3-1 irabazi zion Añorgari finalerdiko itzulerakoan (joanekoan 0-4 irabazia zuen) eta Eibar Urkoren kontrako finalean edozein emaitza dela ere lesakarrak igoko dira

81 urteko bere historian lehen aldiz hirugarren mailara igotzea lortu du Lesakako Beti Gazte futbol talde nagusiak. Igoera faseko finalerdietako itzulerako partida jokatu zuen atzo Mastegin Añorgaren kontra. 0-4koa lortu zuen joanekoan eta bideratua zuen finalerako txartela, baina atsedenera 0-1 galtzen joan zen eta kezka punttu bat bazuten zale eta jokalariek. Bigarren zatiko lehen ordu laurdenean, ordea, markagailua irauli zuten lesakarrek Ander Ordokiren bi golekin eta Unai Telletxearen golarekin. Gainera, finalerako txartelak bertze sari bat bazuela ere bazekiten eguerditik. Izan ere, bertze finalerdian Eibar Urko nagusitu zitzaion Hernaniri. Honela, Eibar Urkok Eibar taldearen bertze filial bat (CD Vitoria) hirugarren maila duelako ezin du kategoriaz igo eta horregatik, heldu den larunbatean Beasainen jokatuko den finalean edozein emaitza dela ere, lesakarrak izanen dira hirugarren mailan. Pena bakarra, finala ate itxikiekin jokatuko dela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun