Nafarroako Foru Komunitateko Txapelketako finalerdiak jokatuko dituzte igandean Beran

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 4a, 18:00
Zabaleta eta Eskudero goizuetarrek (eskuinean) finalera sailkatzeko aukera izanen dute igande arratsaldean Beran.

Maria Eskudero eta Ainhoa Zabaleta goizuetarrek Errioxako Couto eta Saenz izanen dituzte arerio pilota goxoko nagusien finalerako bidean

Mendabia eta Lodosako parte hartze eta ikusle arrakastaren ondoren, eskuzko Nafarroako Foru Komunitateko Txapelketak bigarren asteburuari ekinen dio Berriozarren larunbatean eta Berako Eztegara pilotalekuan igandean jokatuko den jardunaldi bikoitzarekin. Hogei partida baino gehiago jokatuko dira bertze pilota maratoi batean, eta tartean txapelketako lehen finalistak ezagutuko dira. Hain zuzen ere, igande arratsaldean Beran, 15:00etatik aitzinera pilota goxoko nagusien finala erabakiko da. Iparraldeko Ania Oronoz-Marie Goyienetxek, Idoia Oregi-Amaia Zarrabeitia bizkaitarrekin neurtuko dituzte indarrak, eta Maria Eskudero eta Ainhoa Zabaleta goizuetarrak Ana Couto-Cristina Saenz errioxarren aurka arituko dira.

Aitzinetik, igande goizean, elite mailako pilotariak pilota mistoarekin ere ariko dira Eztegara pilotalekuan, 11:30ean hasita. Aldai eta Agirre, Aldaregia eta Maite Ruiz de Larramendiren kontra; Arrizabalaga eta Aldai, Irantzu Etxebeste eta Erasunen kontra eta Ruiz de Infante eta Orbegozo, Salsamendi eta Olatz Ruiz de Larramendiren kontra.

Berriozarren larunbatean

Berriozarren, larunbat goizean, senior mailan, pilota mistoarekin hiru partida jokatu dituzte: Arrizabalaga eta Aldai, Aldaregia eta Ruiz de Larramendiren kontra; Iera Agirre leitzarra eta Bergara, Garai eta Mendizabalen kontra; eta Irantzu Etxebeste beratarra eta Erasun, Aldai eta Agirreren kontra.

Berriozarren, larunbatean 15:00etan, gazte mailan pilota goxoarekin jokatuko dituzten partidetan Aresoko Leire Oskoz eta Erika Alvarez eta Lesakako Amaiur Martinez eta Ainize Martinez izanen dira eskualdeko ordezkariak.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun