Karrikako katuen koloniak kudeatzen hasiko da Berako udala

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 3a, 19:00

Katua Berako baserri bateko atean. Karriketan ibiltzen direnak kontrolatu nahi ditu udalak.

Bertzeak bertze, katu hauei jaten emateko bazkalekuak prestatuko dituzte eta boluntario talde bat arduratuko da janaria emateaz

Nafarroako legediak hala eskatuta, orain dela gutti onartu ditu Berako udalak animalien inguruko ordenantza berriak. Legeak dio udalen ardura dela kaleko katuen koloniak kontrolatzea ere. Berako udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez, «denongandik jakina da Beran ere badirela zenbait auzoetan taldetan bizi diren kaleko katuak. Katu hauei jaten ematen hainbat bizilagun ibiltzen da, borondate onez, baina sarritan ez modu hagitz egokian. Sarritan bizikidetza arazoak sortzen dira bizilagunen artean afera hau dela eta». 

Berako Udalaren asmoa guzti hau arautzea da eta horretarako zenbait neurri hartuko dituzte. Hasteko, kaleko katu taldeak eta hauek bizi diren auzoak identifikatuko dituzte eta katu hauei jaten emateko bazkalekuak prestatu. Gainera, zein janari eman ahal zaien eta noiz, arautu eta zehaztuko du Berako udalak eta katuen populazio kontrolerako esterilizazioak burutuko du, baita esterilizazio ondotik katua artatuko den tokia prestatu ere. 

Boluntario taldea

Lan guzti hau eginen duen boluntario taldea ere antolatzen ari da Berako udala. Talde honetako partaideek eginen dituzte katuei jaten emateko lanak. Lana egiteko momentuan identifikatuak joanen dira eta udalaren baimen berezi bat izanen dute. Karrika hauetan aurreikusi dute kaleko katuentzat bazkaleku kontrolatuak paratzea: Legian, San Esteban karrikan, Eztegaran eta Mugaldea karrikan.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun