Sanferminak bigarren urtez bertan behera uztea erabaki du Lesakako Udalak

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 3a, 07:00
Horrelako irudirik ez da izanen aurten ere Lesakan. Sanferminak ez antolatzea erabaki du udalak.

Bere ordez udako zikloa indartuko dute bigarren edizioan

Lesakako Udalak, bigarren urtez segidan, «aho batez eta bizi dugun egoerak horretara behartuta», sanferminak bertan beheiti uztea erabaki du.

Erabakia hartzea «gogorra baina aldi berean erraza» izan dela dio Lesakako Udaleko alkate eta zinegotzien oharrak: «Ez dira beharrezko baldintzak betetzen herriko bestak normaltasunean ospatzeko eta segurtasunari lehentasuna ematen segitu behar zaio jende pilaketa handiak ekidinez. Ez dago bertzerik».

Lesakako udal ordezkarien erranetan urte bat pasa daramagu egoera desberdin hau bizitzen, hasiera haietan arraroak ziren ohiturak barneratuak ditugu jada, gure ingurua zaindu beharrez eta beraien partetik «hurbiltasuna eta animoa» bidali nahi dizkiete «bidean gaizki pasatu eta pasatzen ari zareten guztiei». Aldi berean diote «ez dugula naturalak ez diren arau eta jarrera hauekin betirako bizi nahi, eta galdutako ohitura horiek berreskuratzeko gogoz gaudela, egoerak baimentzen duenean».

 

Udako zikloa indartua

Horregatik, «sormenaren eta bizipozaren beharraz jakitun», udako zikloa indartzea erabaki dute bere bigarren edizioan, sanferminetako besten diru sailaren zati bat bertara egokituz. Honela, aurten ere, musika, antzerkia, dantza, bertsoa, ipuina, jolasa… izanen da herriko xokoetan… Lesakako udal ordezkariek dioetenez, «iaz bezala, kalea eta aniztasuna izanen dira udako zikloaren ezaugarriak: denetik, denentzat, edonon. Guztion artean, Lesaka garelako». Udako ziklo honetan parte hartera animatu ondotik, «eutsi goiari eta unea edozein dela ere, osotasunean bizitzen segi!» erranez bukatu dute oharra Lesakako alkate eta zinegotziek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun