Maiana Sein Arburua

«Birusak ez dit inolaz ere Erasmusaz gozatzea galarazi»

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 5a, 10:00

Ekain bukaerara arte Ganteko egonaldiaz gozatuko du Maiana Sein Arburuak. Udako oporraldiaren ondotik, graduko azken urtea Donostian eginen du.

Haur Hezkuntza graduko hirugarren maila ikasten ari da Maiana Sein Arburua (Igantzi, 2000). Euskal Herriko Unibertsitateak Donostian duen campusean egin ditu lehenbiziko bi urteak eta hirugarren urteko lehenbiziko lauhilekoa: «erosotasunagatik bertze ikasle batzuekin pisu bat alokatu nuen». Hirugarren mailako bigarren lauhilekoa, berriz, Erasmus bekari esker, Ganten (Belgika) egiten ari da.  

Egunez egun gozatuz

Urtarrilaren 30ean, ikasketei segida Artevelde Unibertsitatean emateko asmoz, Gantera jo zuen Maiana Seinek. Helmuga aukeratzeko arrazoi zehatzik gabe, «lekuaren kokapenak eta hiriaren edertasunak» bideratu zuen bertara. Eta, egia erran, ez da hartutako erabakiaz damutu.

Azken hilabeteetan, bertako eguneroko «kaotikoaz» gozatzen ari da. «Aurreikuspenik egin gabe», egunez egun, bizi du hango egonaldia: «goizak nahiko lasaiak izaten dira eta arratsaldetan hemengo lagunekin elkartzen naiz, edozein plan egiteko. Ez dugu unibertsitateko ordutegi zehatz bat, beraz planak egiteko aukera aunitz ditugu eta alde batetik bertzera ahalik eta gehien mugitzen saiatzen gara». Alde horretatik, «errutina bat segitzea» zail izan zaio: «hemen dena ezezaguna da guretzat eta unibertsitatean hain dira malguak... Ia egunero izan dugu zerbait berria egiteko aukera».

Ikasketen alorrean, aldaketa handia sumatu du Seinek. Orain artean ez bezala, ingelesez egin behar izan ditu han: «uste baino errazago egiten ari naiz eta egokitzea ez zait hagitz zaila egin». Hizkuntza ez ezik, metodologian ere aldaketa sumatu du: «Hemen hagitz garatua dute online aritzeko metodoa, azterketei ez diete han bezainbertzeko garrantzia ematen, talde lanak bultzatzen dituzte, klaseak ez dira hagitz teorikoak…».

Pandemiagatik klase gehienak online izaten dituzte eta «hiru aldiz bakarrik» joan da orain artean aurrez aurreko eskoletara. Hala ere, etxean ez da denbora luzez egon eta inguruko herrietara «ahal den guztietan» joan da. Koronabirusa tarteko, bidaia gehienak Belgika barrenean egin ditu. Dena den, hemendik aitzinera urrutiago du begirada: «orain neurriak murriztu dituztela aprobetxatuz inguruko herrialdeak ezagutu nahi ditugu eta Interrail bat egiteko asmoa ere badugu».

Esperientzia «aberasgarria eta gomendagarria»

Egonaldia motz egiten ari zaio igantziar gazteari eta etxera bueltatzeko aukerak izan arren, ez du beharrik izan: «bortz hilabetez bakarrik nago hemen eta ahal den gehien aprobetxatu nahi dut denbora, beraz, beharrezkoa ez bada ez naiz bueltatuko».

Ekainaren 15ean ikasturtea akituko duen arren, ekainaren 30a du bueltatzeko epe muga eta «ahal den beranduen» izatea nahiko luke, hango esperientzia «hagitz aberasgarria» izaten ari delako. Zerrenda luzea osatu lezake bidaia honek eman dion guztiarekin: «hainbat pentsamendu eta kultura ezagutu ditut, neure kabuz bizitzen ikasi dut...». Baina, ekarpen handiena «jendea ezagutzeak» egin diola nabarmendu du: «gainontzekoez eta neure buruaz aunitz ikasteko aukera eman dit horrek». Horrez gain, bertako bizimoduan murgiltzea eta «Gante gure bizileku egin dugula sentitzea» ere «hagitz polita» izan dela azpimarratu du.

Hala ere, «momentu batzuetan» herrimina izan duenik ez du ukatu: «lagunekin edo familiarekin otordu eder bat egiteko gogoa izan dut...». Edozein modutan, «hemen nahi edo behar horri erraz ematen zaio buelta!». Hitz guttitan egonaldia «espero baino hobea» izaten ari da eta «egoera ezohikoa izan arren, Erasmusaz gozatzen ari naizela erranen nuke. Pandemiarekin gauza aunitz egiteko aukera galdu dugu, baina bertze aunitz egin ahal izan ditugu eta gustura gainera» dio kontent.

Bere momentuan izandako zalantzak alde batera utzita, argi du Erasmusera joatea erabakirik onena izan dela. Hortaz, bere egoeran daudenei eta zalantzak dituztenei mezu argia luzatu die: «Hobe da egin eta gero damutzea, ez egin eta gogoz gelditzea baino. Nik ere bere egunean zalantzak izan nituen, baina ez naiz inolaz ere damutu. Aukera duen edonori gomendatuko nioke». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun