Lesakako Musika Eskolan matrikulatzeko epea irekiko dute ekainaren 7tik 18ra

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 2a, 12:00
Lesakako musika eskolako zeharkazko txirula ikasleak iaz Iruñean egindako emanaldi batean.

Lesakako Udal Musika Eskolak, 2021/22 ikasturterako matrikulazio-epeen berri eman du. Ikasle berriek ekainaren 7tik 18ra izanen dute izena emateko aukera. Bortz urtetik goitiko umeek, musika ikasi eta gozatzeko aukera dute.

Eskusoinua, klarinetea, flauta, gitarra, gitarra elektrikoa, pianoa, tronpeta, tronboia, txistua, trikitixa, saxofoia, perkusioa, abesbatza, banda, musika eta mugimendua, musika hizkuntza eta ganbara musika eskaintzen ditu Lesakako Musika Eskolak.

Horretaz gain, 13 urte baino zaharragoek, solfeorik gabe musika tresnaren bat jotzeko aukera ere badute. Azkenik, oinarrizko musika ikasketak dituzten 13 urtetik goitiko ikasleek, Gazte eta Helduen Musika Taldeak ikasgaian izena ematen ahalko dute. Bertan, norberaren bakarkako lanaz gain, bertze lagunekin talde lanean ikasteko eta disfrutatzeko modua izanen dute. Honetaz gain, harmonia, tresna herrikoiak eta teklatua ere ikas daitezke.

Irailaren 1etik 10era, izena emateko bertze epe bat irekiko da.

Izen-ematea herriko etxeko bulegoan egin daiteke, 08:00etatik 15:00etara eta internetez, www.lesaka.eus webgunean. Informazio gehiago herriko etxean (948 63 70 05), kultur bulegoan (948 63 80 07) eta internetez www.lesaka.eus webgunean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun