50 urte betetzekotan dela bere 27. Ironman proba osatu du Bixente Igarzabal lesakarrak

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 1a, 14:00

Bixente Igarzabal lesakarra lasterka Platja D'Aroko Nazioarteko Ironman proban.

Platja D’Aroko (Girona) Nazioarteko probako ibilbidea osatzeko hamaika ordu eskas behar izan zituen eta laugarren izan zen 50-54 urtekoen sailkapenean

Bi urteko geldialdiaren ondotik, berriz ere ironman proba bat burutzea lortu du Beti Gazteko Bixente Igarzabal kirolari lesakarrak. Zehazki, Gironan, 140.6INN Platja D’Aro Nazioarteko Triatloia egin zuen, aldi berean Espainiako distantzia luzeko txapelketa izan zena. Proba hasi zuten mila kirolari baino gehiagoren artean 147. postuan bukatu zuen sailkapen orokorrean, baina 50-54 urte artekoen kategorian abiatu ziren 119 kirolarien artean laugarren izan zen.

10 ordu, 57 minutu eta 55 segundo behar izan zituen Igarzabalek ibilbide gogorra osatzeko. Ohi bezala, igeriketako zatian gibelean hasi zen lesakarra (ordubete, 20 minutu eta 4 segundo behar izan zituen 3.800 metroak osatzeko) eta 559garren postuan atera zen uretatik. Beti bezala, bizikletako zatian hainbat postu aitzindu zituen (180 kilometro egiteko 5 ordu, 53 minutu eta 7 segundo behar izan zituen eta kirolari guztien artean 97. izan zen zati honetan, bigarren bere kategoriakoen artean) eta proba burutzeko, 3 ordu, 30 minutu eta 50 segundo behar izan zituen maratoia egiteko, 42,2 kilometro lasterka (kirolari guztien artean 167. marka onena eta bere kategorien artekoan seigarrena).

Bere adineko podiotik urrats batera gelditu zen kirolari lesakarra, laugarren, «baina lehengo sentsazioak berriz ere bizituz eta ia 50 urterekin (azaroan eginen ditu) oraindik konpetitzeko gai naizela ikusteak ematen duen pozarekin». Azken proba honekin, bere hogeita zazpigarren ironmana osatu du Igarzabalek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun