2016ean hasi zen Beti Gazte elkartea argazki rallyak antolatzen eta aurtengoa bortzgarren edizioa izanen dute. Parte hartzeko elkartearen egoitzan igande goizean eman beharko dute izena interesdunek, 09:00etatik 10:00etara. Elkarteko bazkideentzako eta 16 urtetik beheitikoentzako debalde izanen da izena ematea, gainerakoek 5 euro ordaindu beharko dituzte.
Lehiaketaren gaiak rally hasieran jakinaraziko dituzte. Argazkiak digitalean aterako dira eta JPG formatuan entregatu beharko dira. Rally hasieran txartelak hutsik beharko du eta 36 argazki entregatzen ahalko dira gehienez, 'hasierako kontrola' eta 'akaberako kontrola' barne. Ezabatze askea onartuko dute baina argazkien manipulazioa debekatuta dago. 13:00etatik 14:00ak arte izanen dute parte hartzaileek elkartean argazkiak deskargatzeko aukera.
Lehiakide bakoitzak argazki bat aukeratu beharko du gai bakoitzeko eta argazkilaritza@betigazte.net helbidera bidali ekainaren 13a baino lehenago. Emailean parte hartze zenbakia, argazkiaren zenbakia eta argazki bakoitzaren gaia adierazi beharko dira. Korreoaren gaian 'RALLY2021' agertu beharko da.
Argazkilari profesionalez eta antolakuntzako kide batez osatutako epaimahaiak argazki irabazleak aukeratuko ditu. 100 euroko saria eta diploma bat jasoko du gai bakoitzeko argazki hoberenak eta bazkide hoberenak ere. Bilduma hoberenari diploma eta 150 euroko sari berezia emanen diote. Sari banaketaren egun eta modua zehazteke dago.