‘Lesaka biziberritzen’ erakusketa antolatu du Lesakako udalak herriko erdigunearen eraberritze plana aurkezteko

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 2a, 09:00
Plaza ingurua politago, atseginago eta biziagoa bihurtu nahi du Mugikortasun Planak, irisgarritasuna eta segurtasuna hobetuz.

Lesaka biziberritzen ekimena abiatu du Lesakako udalak, herriko erdigunea eraberritzeko plana aurkezteko, erdigune biziago, atseginago, irisgarriago eta seguruago bat bihurtzeko helburuarekin. Proiektu honen berri emateko, herritarrekin konpartitu eta euren iritzia jasotzeko, erakusketa bat antolatu dute ekainaren 3tik 10era Komentuan (Harriondoa). Horrez gain, aurkezpen bat ere eginen dute ekainaren 9an, asteazkenean 19:00etan Harriondoa Kultur Etxeko Txokobiko aretoan. 

Bertan, proiektuaren arduraduna den Igor Lopez de Uralde arkitektoak, Ladis Satrustegi alkateak eta Ioar Oteiza zinegotziak planaren nondik norakoak azalduko dituzte. Erakusketaren ordutegia eta informazio guztia lesaka.eus atarian egonen dira eskuragarri.

 

Oinezkoak erdigunean

Oinezkoak erdigunean jarriko dituen mugikortasun eta herri eredu baten alde ari da lanean Lesakako Udala, biztanle guztien irisgarritasuna bermatuz eta bereziki kolektibo zaurgarrienak kontuan hartuz. «Mugikortasun arazoak dituztenentzat, haurrentzat eta adineko pertsonentzat erosoa den herri bat, guztiontzako izanen da erosoa», dio Ladis Satrustegi alkateak. Enpresa eta adituekin elkarlanean, herriko eragileekin bilerak eginez eta norbanakoen iritziak jasoz, Mugikortasun Plan bat diseinatu dute.

Mugikortasun Plan horren lehen faseari ekin nahi diote, Lesakako erdigunetik hasiz. Lesakako erdigunea baita herriaren bihotza eta elkargunea: erosketak egiteko, haurrak jolasteko, lagunekin elkartzeko, dantzatzeko, gozatzeko eta ospakizunetarako. Herriko pasabide garrantzitsua den arren, aunitzetan oztopoz eta kotxez betea egon ohi da eta elkarbizitzan oinarritutako plan ordenatu baten beharra ikusi du Udalak.

Erdigune politago, atseginago eta biziago batean bihurtzeaz gain, bertze hainbat onura ekarriko dizkio plan honek herriari: Ikastetxetarako bide seguruak bermatuko dira, kotxeen abiadura motelduko da, denda zein ostatuak irisgarriago bihurtuko dira, gaur egungo traba arkitektonikoak ezabatuko dira, espaloiak errepidearen maila berean kokatuko dira, fatxadetan doazen kableak lurperatuko dira eta herrian oinez bizitzeko modua indartuko da, ahal denean kotxea alde batera utziz eta herri biziago bat eraikiz.

Proiektu hau Lesakar guztiekin elkarbanatu nahi izan dute eta aldaketa hauek sortu ditzaketen kezkak eta zalantzak argitzeko prest daude. Horregatik, herritar guztiei luzatzen diete gonbidapena erakusketara joan eta beraien iritzia emateko.

 

Erakusketaren ordutegia

Aipatu bezala, ekainaren 3tik 10era zabalduko dute erakusketa komentuan. Ekainaren 3, 4 eta 7an 17:00etatik 19:00etara irekiko dituzte ateak eta ekainaren 5, 8, 9 eta 10ean 10:00etatik 12:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Ekainaren 6an, igandean, itxita egonen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun