Talentu Artistikoaren Sustapenerako saria irabazi du Martxel Rodriguez dantzari lesakarrak

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 31a, 18:00
Martxel Rodriguezen formakuntza sendoa eta Europa mailan erreferente diren dantza konpainietan egindako ibilbidea baloratu du epaimahaiak. Argazkia: Irantzu Pastor

Talentu Artistikoaren Sustapenerako saria irabazi du Martxel Rodriguez dantzari lesakarrak. Saria ekainaren 15ean emanen diote Iruñeko Baluarten. Dantzari lesakarra bertze 11 gazte nafarrekin batera zegoen izendatua. Sariaren helburua Nafarroako kultur arloko ekintzaile gazteen ekimenak babestea eta bultzatzea da, talentua ezagutzera emanez.

Epaimahaia Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol Departamentuko ordezkariek osatu dute; Kultura-Vianako Printzea erakundeko zuzendari nagusiak, Ignacio Apeztegiak, Departamentuko zerbitzuko hainbat zuzendaritzetako arduradunek eta Nafarroako Kultura eta Arteen Kontseiluko kide batek. Epaimahaiak Martxel Rodriguezen «formakuntza sendoa eta Europa mailan erreferente diren dantza konpainietan egindako ibilbidea» baloratu ditu, baita «ezagutza hori Nafarroako komunitate sortzailean aplikatzeko gaitasuna» ere. Lesakarrak «sarean lan egiteko apustua» egin duela ere azpimarratu dute, «dantza garaikidea bertze diziplina artistikoekin uztartuz». Arte sorkuntza, ikerketa eta produkzio arloetan egin duen lana ere goraipatu dute, «bitartekaritza-estrategien bidez dantza garaikidea publiko berriari helarazteko etengabeko lanean»

Kultura eta Kirol Departamentuak saritutako proiektu artistikoa edo kulturala programatu eta erakusteko aukera izanen du Martxel Rodriguezek 2022. urtean, gehienez 10.000 euroren truke.

30 urtetik beheitiko hautagaiek antzerki, musika, zinema, idazketa eta dantzaren arloan garatzen dute haien ibilbidea. Azkeneko honetan aditua da Martxel Rodriguez lesakarra; Danimarkako Black Box Dance Company konpainian sartu zen eta bere prestakuntza osatzeko Israelera bidaiatu ondotik, Oskara proiektuan parte hartu zuen. Valentziako Premis de les Arts Esceniques sarietan dantzari onena izendatu zuten eta freelance dantzaria izateaz gain, Led Silhouette konpainia zuzentzen du.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun