Hamargarrenez egin den Euspot lehiaketako sariak ortzegun iluntzean banatu ziren Aretxabaletan (Gipuzkoa). Nekazaritzatik bizi nahi dugu! gaiaren bueltan sortutako euskarazko spotik onenek jaso zituzten sariak, Ane Zuazubiskar kazetariak aurkeztutako eta Eñaut Zubizarreta biolontxelojoleak girotutako ekitaldian.
Aurkeztutako lanen artean, 18 urtetik gorakoek eginiko 52 lan aurkeztu ziten eta 18 urtetik beherakoek eginiko 35 lan.
2.800 euro saritan banatuta
Sari nagusia –1.000 euro– Idiazabalgo Iñigo Zapirainen Geroa ereiten lanak jaso zuen. Epaimahaiak nabarmendu zituen horren kalitate teknikoa eta mezuaren egokitasuna. Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde den Bittor Orozek eman zion saria; izan ere, aurtengo lehiaketaren babesle nagusia Hazi izan da.
Mondragon Unibertsitateko spotik onenaren saria –500 euro– Oñatiko Sara Iriarterendako, Garaia Pagolarendako eta Danel Teranendako izan zen, Nik ez ditut sustraiak moztuko lanagatik.
Musika sinkronizazio onenaren saria –300 euro–, ostera, Amaia Renobales durangarrak eta Iban Garcia azkoitiarrak egindako Nondik datorren jakin spotak jaso zuen, baita publikoaren saria ere –500 euro–. Publikoak astebete izan zuen 87 lanen artean gustukoena hautatzeko aukera, eta guztira 3.000 boto baino gehiago jaso direla aurten aipatu dute antolatzaileek.
Gazteen –18 urtetik beherakoak– lanik onenari dagokionez, berdinketa izan da, eta banatu egingo dute saria –250 euro– bi lanen egileek: Etxalarko Kemen Virtok, Emakumeak eta baserria spotagatik; eta Aretxabaletako Egoitz Grucetak, Erlantz Negrok eta Joanes Aranak, Ez izan tuntuna, erosi Km0 lanagatik. Arizmendi ikastolako ikasleen artean –250 euro–, ostera, Lur Bengoa, Nagore Garnateo eta Leire Calvo arrasatearrek eta aretxabaletarrek egindako Etorkizunera begira lana izan da saritua.
Iaz baino 36 lan gehiago
Aukeratutako gaiaren helburua izan da gazteak eta, batez ere, emakumeak landa eremura gerturatzea, eta antolatzaileak –Aretxabaletako Udala, MU, Arteman eta Arizmendi–, pozik agertu dira aurtengo parte-hartze datuekin; izan ere, 87 spot aurkeztu dira, iaz baino 36 gehiago: 52 lan 18 urtetik gorakoek egindakoak, eta 35 izan dira 18 urtetik beherakoenak. Euskal Herriko txoko askotatik iritsi dira horiek saritutako lanek erakutsi duten legez.
Ikusi hemen X. Edizioko bideo guztiak