Igantziko Udaberriko Bestek ez dute hutsik eginen aurtengoan

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 2a, 07:00

Ekaineko asteburu guztietan ekitaldi interesgarriak antolatu ditu herriko euskara batzordeak.

Maite, Ana eta Itziar

Pandemia dela eta, iaz Udaberriko Bestek kale egin zuten, baina aurten berriz indartsu heldu dira, programazio polita antolatu baitu herriko euskara batzordeak. Aitzineko urteekin alderatuz, aurten Udaberriko Bestak ekain osoan izanen dira, astebururo ekitaldi bat eskainiz.

Hasteko, ekainaren 6an, igandearekin, Pauline eta Juliette musikarien kantaldia izanen da Baratzondon, 20:00etan. Iparraldeko bikote honek euskal kanten nahiz bertzelako musikarien bertsioak egiten ditu, baita haiek sortutako kantuak eskaini ere.

Ekainaren 11n, ortziralearekin, Amets Arzallusek Miñan liburua aurkeztuko du. Liburu hau Ibrahima Balde ginearrak eta Arzallusek berak idatzi zuten 2019an, eta Ibrahimaren migrazio bidaiaren kronika da. Aurkezpena osatzeko, bertan izanen da Joxean Ortega, Irungo Harrera Sarearen lanaren berri emateko. Aurkezpena Baratzondon izanen da, 18:00etan.

Ekainaren 20an, igandearekin, azoka izanen da frontoian, 11:00etatik 19:00ak arte. Lehen ere gisa honetako azokak antolatu izan ditu euskara batzordeak, auzoetako eta etxeetako seinalizazioa egiteko, telefono gida argitaratzeko, etab. Aurtengoan azoka guraso elkarteak antolatu du, eskolako jantokirako dirua biltzeko asmoarekin. Guraso elkartea egunotan hasiko da puskak biltzen. Egun hori osatzeko, 12:00etan herriko dantzariak ibiliko dira karriketan barrena, eta 19:00etan musika eta dantza herrikoiak izanen dira plazan.

Azken ekitaldia ekainaren 27an, igandearekin, izanen da. Bideak dokumentala ikusgai izanen da 18:30ean Baratzondon. Dokumentalaren protagonista, Aritz Ganboa Arruazuko artzain ezaguna, eta Xabier Unanue zuzendaria bertan izanen dira. Dokumentalak Ganboak 2019ko urrian bete zuen erronka kontatzen du: gazta bat motxilan hartu eta Arruazutik Izabaraino eraman zuen, lasterka.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun