Asteburuetako «onartu ezin diren jarrerak» salatu ditu Lesakako Udalak

Ttipi-Ttapa 2021eko maiatzaren 27a

«Zaborra non-nahi aurkitzea» eta «gaueko ordu ttikietan karrikan musika jartzea eta builaka ibiltzea» ohiko bihurtzen ari dela salatu du udalak. Hausnarketa egitea «beharrezkoa» ikusten dute, herri ttikia izanik «bakoitzaren jarrerak ondoko bizilagunengan eragiten duelako».

Covid-19ak sortutako egoera «denari luze eta gogorra egiten ari zaigula» azaldu dute, baina «behin eta berriz errepikatzen ari diren jarrera onartezin» hauen aitzinean hausnarketa egitea eskatu dute.

Asteburuetan mendian eta karrikan «zaborra, tartean puskatutako kristalezko botilak» aurkitu izana salatu dute, baita «gainerako herritarrak kontuan hartu gabe gaueko ordu ttikitan karrikan musika jartzea eta builaka ibiltzea» normala bihurtu izana. «Gauzak hautsita» agertu direla ere salatu dute.

Elkar errespetatzea «elkarbizitzaren oinarria» dela diote, eta Lesaka herri ttikia izanda, «bakoitzaren jarrerak ondokoan eragiten duela» oroitarazi nahi izan dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun