Beti Gazteren Astearen barrenean, xake, mus eta pintxazo txapelketak jokatuko dituzte igande honetan eta ekainaren 5ean Lesakan.
Lehenbiziko hitzorduan, hilaren 30ean, kanporaketak izanen dituzte. Xakelariak 11:30ean eta muslariak 12:00etan bilduko dira egoitzako atarian. Arratsaldean, 16:00etan, berriz, pintxazo txapelketaren kanporaketa izanen dute, toki berean. Finalaurrekoak eta finalak ekainaren 5ean, larunbatean, izanen dira, 11:30ean hasita.
Izena eman nahi dutenek 681 00 50 88 telefonora WhatsAppa bidali edo Maulan, Koxkillan edo Arranon dauden zerrendetan izena eman beharko dute. Apuntatzeko hondarreko eguna maiatzaren 28a izanen da. Antolatzaileek adierazi dutenez, izena emateen ondotik, jende kopuruaren arabera, ordutegia moldagarria da eta irabazleentzat sari ederrak izanen dira.
V. Argazki rallya ekainaren 6an
Ekaineko lehen asteburuan, mahai-jokoen finalaurrekoak eta finalak ez ezik, lerro dantza eta V. argazky rallya ere antolatu ditu Beti Gaztek. Azken hau igandean izanen da, ekainaren 6an eta izen-ematea 09:00etatik 10:00etara egin beharko da. Beti Gazteko bazkideek eta 16 urtetik beheitikoek doan parte hartu ahal izanen dute eta gainerakoek 5 euro ordaindu beharko dute. Lau gai izanen dituzte argazkilariek beraien lanetarako eta gai bakoitzeko argazki onenak 100 euro eta diploma izanen ditu saritzat. Horretaz gain, sari berezia izanen da bilduma onenarentzat (150 euro eta diploma), baita 100 euro eta diploma bazkide onenarentzat.
‘Mendin hil hirian hil’ Dokumentala ekainaren 20an
Aitzinera begira, ekainaren 20an, Mendian hil hirian hil dokumentala eskainiko dute Harriondoan 19:30ean. Iñaki Peña zuzendaria eta Felipe Uriarte protagonista izanen dira Beti Gazte elkartearen gonbidatu bereziak. Sarrerak salgai jarriko dituzte heldu den astelehenetik aitzinera elkartearen egoitzan (astelehenetan) eta Mastegi pareko lokalean, baita egunean berean, 18:30etik 19:30era Harriondoan (hiru euro bazkideek, bortz euro gainerakoek).