G. Pikabea | Bortziriak
«Bortzirietako euskalgintzaren norabide berria erabakitzeko garaia» dela iritzita, euskalgintzaren gogoeta prozesua abiatu du Bortzirietako Euskara Mankomunitateak Elhuyarren aholkularitzarekin. Helburu horrekin, dagoeneko bi saio egin dituzte: martxoaren 26an Bortzirietako euskara batzordeetako kideekin batzar orokorra egin zuten; eta apirilaren 24an saio irekia, bertze herri eta eskualdetako euskalgintza eta herri mugimenduen berri izateko. Orain arte egindakoarekin «kontent» dagoela aitortu du Patri Arburua Etxeberria Bortzirietako Euskara Mankomunitateko teknikariak. Maiatzaren 29rako hitzartu duten hirugarren saiora begira jarriak dira orain eta «interesa dutenei parte hartzeko» gonbita luzatu die. Bide onetik ari direla uste du, «zerbait inportantea egiten ari garela» sentitzen du eta konbentzitua dago «dena berrikusteko momentua dela».
1990ean sortu zen Bortzirietako Euskara Mankomunitatea. Nolakoa izan zen hasiera hura?
Mankomunitatea sortzeko erabakia 1989an hartu zuten baina ofizialki 90ean sortu zuten. 80ko hamarkadako mugimendu sozial eta kultural handi hura zela medio sortu zen mankomunitatea. Mugimendu indartsua sortu zen eta argitasun handiarekin bideratzen jakin zutela uste dut. Euskal Herriko toki aunitzetan euskara zerbitzuak eta euskara taldeak sortzen ari ziren garaia zen, eta Bortzirietan, euskara batzordea sortu zuten euskaltegiko kideek, Ttipi-Ttaparen proiektuko jendeak eta norbanako euskaltzale batzuek. Euskararen aldeko mugimendua antolatzeko beharra ikusi zuten eta gainera, hagitz garbi ikusi zuten, alde batetik, hanka instituzionala behar zuela, eta bertzetik, hanka soziala. Hanka instituzionalean udalak bildu zituzten eta hanka sozialean herrietako elkarteak, ikastetxeetako ordezkariak… eta norbanakoak. Aldi berean, herri bakoitzak bere gisa ezin zuela deus egin ikusita, eskualdeko ikuspegia eman zioten.
Mankomunitateak aholkularitza batzordea eta batzorde erabakitzailea ditu...
Aholkularitza batzordea sortzea izugarrizko ideia izan zen. Batzorde horretan parte hartzen dutenak herrietako euskara batzordeetakoak dira, baina udal ordezkariak ez direnak, eta beraz, euskararen aldeko mugimendu soziala ordezkatzen du nolabait. Aholkularitza batzordeari boto eskubidea aitortu nahi izan zioten, baina legez ez zen posible izan. Hala ere, ahotsa izatea lortu zuten eta udal ordezkariek osatzen duten Batzorde Erabakitzaileak gehiengo osoz hartu behar dituzten erabakietan –aurrekontuak, planak, kontratazioak...–, batzorde horren txostena edo iritzia nahitaezkoa dela ageri da estatutuetan. Mugimendu sozialaren eta udalen arteko elkarlanak nolakoa izan beharko lukeen hainbertze eztabaidatzen den garai honetan, Bortzirietan, duela 30 urte argi ikusi zuten bidea; aitzindariak izan ziren.
«Mugimendua moteldu da eta hori indartzeko momentua da»
Patri ARBURUA ETXEBERRIA, BEMko teknikaria
Geroztik zein bide egin du?
Hagitz ttikitik hasi zen eta urteekin bere plangintza eta ikuspegia handitu du. Egitasmo batzuek euren bidea egin dute, finkatu dira eta arrakasta izan dute, eta bertze batzuk bidean gelditu dira, baina erakunde bezala mankomunitatea hazi egin da. Hortik aparte, euskalgintzari bideratutako dirulaguntzen politika sendoa garatu du eta urteotan hainbat aldiz geldiuneak egiten jakin du, gogoeta egiteko eta sortzen ziren korapiloak askatzen saiatzeko. Hori guztia beti euskara batzordeekin batera egin dugu, herritarrekin. Hala ere, hasierako mugimendu sozial indartsu hura mankomunitatearen barrenean urtu da. Mugimendu sozialekin aunitzetan gertatzen da, indar handiarekin hasi arren, erakundetzen direnean lasaitzen direla. Beharbada, Bortzirietan giro politikoak ere eragin izanen du, aldeko jarrera badela ikusita arazoak instituzioetatik konponduko direla pentsatzeko joera baitugu. Baina hori hagitz arriskutsua da. Herritarren lanari esker gaude gauden tokian, baina mugimendu sozial hori moteldu da eta hori nola indartu edo berpiztu behar den berrikusteko momentua da.
Horregatik diozue Bortzirietako euskalgintzaren norabide berria erabakitzeko garaia dela?
Horregatik eta, Kike Amonarrizek erran bezala, arrazoi aunitzengatik euskara bidegurutze batean dagoelako, bai Bortzirietan, baita Euskal Herrian ere. Aldaketa kualitatibo batzuk egiteko garaia da eta hurrengo urteetan zein norabide hartu behar dugun erabakitzeko momentua da.
Norabide hori erabakitzeko gogoeta prozesua abiatu duzue. Erronka zaila izaten ari da?
Zaila ez. Bai euskara batzordeetan bai udal ordezkarien artean, aspalditik erraten genuen zerbait egiteko beharra zegoela. Babes hori nolabait bagenuen, eta horrek teknikarioi bidea erraztu digu prozesua antolatzeko. Baina hasieratik erantzuna positiboa izan da eta aberasgarria izaten ari da. Gainera, ez da Bortzirietako arazoa bakarrik, eta badugu nondik edan eta nondik ikasi.
«Bertze herri mugimenduetatik aunitz dugu ikasteko»
Patri ARBURUA ETXEBERRIA, BEMko teknikaria
Orain arte bi saio egin dituzue. Nolako balorazioa eginen zenuke?
Pandemia giroan, ez genekien jendea biltzeko eta ilusionatzeko gai izanen ote ginen. Gainera, nahiko helburu handiak finkatu genituen, baina oraingoz denak bete ditugu eta hagitz kontent gaude. Alde kuantitatiboari begiratuz, apirileko saiora 45 lagun etorri ziren eta gauden egoeran lorpen handia iruditzen zaigu. Gainera, jende gehiagok adierazi du interesa eta hurrengo saioan parte hartzeko aukera izanen du. Bortz herrietako jendea bildu zen, adina eta genero aldetik orekatua, hainbat arlotakoa... Eta balorazio kualitatiboari dagokionez, apirileko jardunaldia egin genuen goiz hartan, sentsazio onak izan genituen, eta bukaeran, bildutakoei balorazio esaldi bat egiteko eskatu genienean berretsi genuen. 'Interesgarria', 'beharrezkoa', 'ilusioa'... Hitz horiek errepikatu zituzten eta hagitz positiboa izan zen.
Apirileko saioan bertze herri eta eskualdetako mugimenduak ezagutzeko aukera izan zenuten. Zer dugu ikasteko bertzeengandik?
Aunitz. Bertze hainbertze esperientzia ere ekarri izanen genituen, baina denbora mugatua genuenez, hiru ekarri genituen, gure ustez mahai gainean paratu beharreko hiru gai. Alde batetik, Tolosaldeko Galtzaundi euskara taldearen esperientzia ekarri genuen. Bortziriak baino aunitzez ere eskualde zabalagoa da, baina garrantzi handia eman diote eskualdeko ikuspegiari. Teknikariok ere Bortzirietan bidea hori dela uste dugu, herriz herri ez delako mugimendurik sortzeko ahalmenik. Bertzetik, Arrasateko esperientziari eman genion tartea, Arrasate euskararen aldeko mugimenduen historian aitzindari izan delako. Han ere 30 urteotan mugimendua arrunt apaldu da eta mugimendu hori berrindartzeko eta udalak eta herri mugimenduak nolako elkarlana egin behar duten zehazteko gogoeta prozesu bat egin eta denak elkarrekin lanean aritzeko egitura berria sortu dute. Hirugarren esperientzia Hernaniko Plaza Feministarena izan zen. Kikek [Amonarriz] Euskararen bidegurutzetik liburuan euskalgintzak bere mundutxo horretatik atera behar duela eta bertze esperientzia batzuetatik ikasi behar duela dio, eta horren adibide da feminismoa. Feminismoak azken urteotan arrakasta handia izan du, antolatzen eta jende gaztea erakartzen jakin du. Hernanin, feminismoaren eta kulturartekotasunaren gaiak herriaren erdigunean egon behar dutela iritzita, ikusgarritasuna emateko eta gai horiek lantzeko espazio bat sortu dute. Gurera ekartzeko modukoa den azter daiteke.
Norabide berri horretan zein izan daitezke aldaketak?
Maiatzaren 29an gogoeta prozesuko hirugarren saioa eginen dugu eta gure helburua saio horretan oinarriak finkatzea da, nolako mugimendua nahi dugun zehazten hastea. Euskararen aldeko herri mugimendua birsortzea edo berrantolatzea erabakitzen bada, motor lana eginen duen talde eragilea osatu beharko da.
«Herri mugimenduari bidea libre utzi behar zaio»
Patri ARBURUA ETXEBERRIA, BEMko teknikaria
Maiatzaren 29aren ondotik zein bide izanen du prozesuak?
Hortik aitzinera bere bidea egitea nahi dugu. Gu laguntzeko eta parte hartzeko hor izanen gara, baina mugimendu autonomo bat izan behar duela eta hasieratik bere bidea egiten utzi behar zaiola uste dugu. Mugimendu horri bere gogoeta egiten utzi behar zaio, nola antolatu erabakitzen. Eta horretarako talde eragile ahalik eta sendoena izatea komeni da. Gure funtzioa prozesu horretan laguntzea izanen da, behar badute betiere.
Talde eragile hori sortzeko aukera ikusten duzu?
Bai. Orain dela aste batzuk igual ez dakidala erran izanen nuen, baina apirileko saioan ilusioa eta parte hartzeko gogoa sentitu nituen. Hori seinale ona da, itxaropena piztu digu.
Herri mugimendu horrek zein harreman izanen luke udalekin eta mankomunitatearekin?
Orain mugimendu soziala berrantolatzeko garaia da, eta mankomunitateak ez du prozesu hori bideratu edo baldintzatu behar; behar denean laguntza eman behar du. Ondotik ikusiko dugu nola antolatzen den mugimendu hori eta zein izanen diren bakoitzaren funtzioak eta bi aldeen arteko harremana. Denon artean eztabaidatuko dugu.
«Aspaldi aipatzen zen euskara batzordeen bidea agortua dagoela»
Patri ARBURUA ETXEBERRIA, BEMko teknikaria
Euskara batzordeak desagertutzat ematen dituzue?
Aspaldi aipatzen zen euskara batzordeen bidea agortua dagoela. Espresuki horri buruz solas egiteko biltzea falta zen eta horixe egin genuen martxoaren 26an euskara batzordeetako kideekin batzar orokorra egin genuenean. Bozketa egin genuen eta garbi gelditu zen euskara batzordeek eman beharrekoa eman dutela eta bertze zerbait probatzeko momentua dela. Batzordeak desegiteko azken erabakia Batzorde Erabakitzaileak hartu beharko du, baina herrietako batzordekideen iritzia argi gelditu da.
Euskara batzordeen ibilbidetik zer nabarmenduko zenuke?
Mankomunitateak bere plan eta egitasmo guziak herrietako batzordeen ekarpen eta iritziekin osatu ditu, eta horietako aunitz gauzatzeko momentuan ere batzordeen lana ezinbertzekoa izan da. Tartean, goiti-beheiti handiak izan dituzte, baina herri batean ahul egon denean ondokoan indartsu egon da eta orekari eutsi diote. Aunitzetan maila nazionalean antolatu diren mugimendu aunitz euskara batzordeetatik bideratu dituzte. Horren adibide da Korrika. Bortzirietako antolaketa aski ahul egon zen garaian, euskara batzordeek eutsi zioten Korrikari. Hortik aparte, Euskaraldia eta herri bakoitzean hainbat ekimen eta kanpaina antolatu dituzte euskara batzordeek; horien artean ezagunenak kultur egunak dira.
Egitura aldatuta mankomunitateak zein bide hartuko luke?
Goizegi da horretaz solastatzeko. Egituraren parte batek, hau da, euskara batzordeek, ez badute funtzionatu behar, mankomunitatean ere gogoeta egin beharko da. Instituzioen eta mugimendu sozialaren elkarlanerako erakundea izan daiteke, edo ez. Ikusi beharko da.
Zein egoeratan ikusten duzu mankomunitatea?
Badaude desoreka batzuk. Teknikariok ere autokritika egin behar dugu, urteotan toki gehiegi hartu dugulako batzordeetan. Beharbada gai honetan esperientzia, informazioa eta jakintza pilatzen joan garelakoz, baina aunitzetan gehiegi markatu dugu euskara batzordeen bidea. Argi dago funtzionatzeko modua berrikusi beharko dela. Ez da erraza, batzordeetako kideak aldatzen baitira, baita udaletakoak ere. Edozein moduz, dena berrikusteko momentua dela uste dut eta ez diogu horri beldurrik izan behar. Orain dela 30 urte, orduko beharrei erantzuteko muntatu zuten egitura, eta egungo beharretara egokitzeko garaia da.
«Mankomunitatearen kokapena ere aztertu behar da»
Patri ARBURUA ETXEBERRIA, BEMko teknikaria
Urteotan zein gabezia ikusi dituzu mankomunitatean?
Badira batzuk. Adibidez, eztabaidatu beharko da Bortzirietako euskararen normalizazio prozesuak beharko lukeen gidaritzaz eta lidergoaz. Horrez gain, mankomunitatearen lana ikusgarri egiten ez dugu asmatu. Kokapenak horretan zenbateko eragina duen aztertu beharko litzateke. Duela 30 urte, bi arrazoirengatik mankomunitatea Arantzan kokatu zuten: batetik, arrazoi sinbolikoagatik, Arantza herririk euskaldunena delako. Bertzetik, garai hartan eskualde mailan sortu ziren zerbitzu gehienak Lesaka eta Beran kokatzen ari zirela ikusita, herri ttikiek euren herrietan zerbitzuak behar direla aldarrikatu zuten. Baina, 30 urte beranduago, arrazoi sinboliko horrek horrenbertzeko pisua izan behar du? Euskararen aldeko mugimenduak ez luke egon beharko mugimendu eta gabezia gehien dagoen tokian? Praktikotasunari begira ez litzateke hobe erdigunean egotea? Hori ere mahai gainean paratu behar da.
Zein egoeratan ikusten duzu euskara Bortzirietan?
Erronka berri dezente ditugu, baina nagusiak hiru dira. Alde batetik, gazte gehienak euskaldunak dira, neurri handi batean ikas-prozesua euskaraz egin dutenak, baina horri probetxua atera behar zaio. Lanean erdal munduarekin egiten dute topo eta beren euskarazko prestakuntza alferrik izan dela pentsatzen ahal dute. Orain arte ez dugu inoiz izan euskaraz lan egiteko hain prestatua dagoen belaunaldirik, eta hori lan mundua euskalduntzeko oinarri ona da. Landu beharreko sektore garrantzitsua da eta Nafarroan, inon hori posible baldin bada, Bortzirietan eta gisako eskualderen batean da. Bertze erronka handi bat herritar migratuekin dugu. Ez dugu euren seme-alaba guztiak euskaraz eskolatzea lortzen, batez ere Beran. Euskaraz eskolatzen ez den sektore hori gerora euskalduntzea zaila izanen da eta gure herrietan sozializatzeko oztopoak ekarriko dizkie. Hirugarren erronka eremu ez-formalean dugu, batez ere digitalizazioarekin. Haur, gazte nahiz helduok estimulu handiak ditugu Interneten, baina eremu horretan euskarak toki ttikia du eta badugu zer egin.
«Erronka berri dezente ditugu baina nagusiak hiru dira»
Patri ARBURUA ETXEBERRIA, BEMko teknikaria
Zein mezu luzatuko zenieke Bortzirietako herritarrei?
Apirilaren 24ko saioan Kikek [Amonarriz] argi eta garbi erran zuen: 'Hau guk egiten dugu edo ez da eginen'. Guk bakarrik egiten ahal dugu euskararen alde, ez du bertze inork eginen. Euskaltzalea den jendeari aktibatzeko deia egin behar zaio. Euskarak behar ditu egunerokoan hizkuntza erabiliko duten herritarrak, baina baita modu kolektiboan eta auzolanean euskararen beharrei erantzuteko mugimendu antolatua ere.
Zerbait gaineratuko zenuke?
Apirilaren 24ko saioan izan zirenek maiatzaren 29koan parte hartzeko gonbita hartuko dute. Baina egun horretan joaterik izan ez zutenek edo ondotik horren berri izan dutenek ere aukera izanen dute. Gurekin harremanean jartzen ahal dira, orain artekoa laburbiltzeko prest gaude. Beraz, interesa duten guziak izen ematera animatu nahi ditugu. Aitzinetik izen ematea beharrezkoa da, bai osasun neurriak ongi betetzeko, baita aitzinetik lana ongi antolatzeko ere.