Zumaiako Udalak antolatutako Kaleko pintura lehiaketan lehen saria eskuratu du igande honetan Javier Igoa Alzugaray margolari lesakarrak. 800 euro eskuratu ditu lanaren truke. Bigarren saria (500 euro) Bergarako Ricardo Azkargota Zelaiak lortu du eta hirugarrena Gasteizko Eduardo Alsasua Garciak (300 euro).
Valentin Manterola, Paco Hernandez, Julian Egiguren, Bego Blanco eta Olatz Goiburu margolariek, eta Zumaiako udalaren ordezkari, Marina Bidasoro zinegotziak osatu zuten epaimahaia.
Margolari inpresionista autodidakta
Eskolarik gabe egindako margolari inpresionista autodidakta moduan aurkezten du bere burua Javier Igoak eta aire libreko margoketa azkarrean espezialdua dagoela aipatu digu. Izan ere, 1980ko irailaren 7an Hondarribian Gaspar Montes Iturrioz margolari irundarraren omenez antolatutako lehiaketan ohorezko saria lortu zuenetik 17 lehenbiziko sari, 15 bigarren eta 16 hirugarren eskuratu ditu, bere «margo eta freskoarekin, pinzel handiarekin, errepasorik gabe eta oihalera momentuko atmosfera eramanez, baita soinuak eta usainak ere». Horietaz gain, Ciudad de Calahorra estatu mailako sariketan eta Irungo Amaia kultur zentroko Adour Bidasoa Nazioarteko Sariketan ere aukeratu dituzte bere lanak.
Euskal Telebistako ‘Arimaren margolariak’ programan ere parte hartu zuen Igoak.
