Uterga eta Otano nagusitu dira Beran Nafarroako Foru Komunitatearen XVI. erremonte txapelketako lehen jardunaldian

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 24a, 13:00
Uterga pilota astintzen eta Otxandorena erne, ortziralean Eztegarako jaialdian. Otxandorenak min hartu zuen eta ezin izanen du hurrengo jardunaldian jokatu.

Zeberio II.a eta Ioni 16-20 eta Otxandorena eta Azpirozi 11-20 ortziralean Eztegaran jokatutako hiruko saioan

Nafarroako Foru Komunitatearen XVI. Erremonte txapelketako lehen partidak maiatzaren 21ean, ortzirale arratsaldean jokatu zituzten Berako Eztegara pilotalekuan. Xanti Uterga doneztebarra eta Otano nagusitu ziren beraien bi partidetan (16-20 irabazi zieten Zeberio II.ari eta Ioni eta 11-20 Eloy Otxandorena doneztebarrari eta Azpirozi. Bertze partidan, Otxandorenak eta Azpirozek 20-19 irabazi zieten Zeberio II.ari eta Ioni.

Txapelketatik kanpo, biharamunean Eztegaran jokatutako jaialdiko partida nagusian, berriz, min hartutako Otxandorenaren ordez aritu zen Zeberio II.ak eta Azpirozek 35-27 irabazi zieten Uterga eta Otanori. Lehenbiziko partidan, Aimar Jabalera doneztebarrak eta Aimas Saldias oiztarrak 35-26 irabazi zieten Matxin III.a eta Barricarti.

Ortziralean Iruritan eta larunbatean Erratzun

Nafarroako txapelketako final laurdenetako ligaxkan bikoteak hirunaka ariko dira elkarren kontra eta Berakoaren ondotik eskualdeko pilotalekuetan izanen dira hurrengo bi jaialdiak ere, Iruritan maiatzaren 28an eta Erratzun maiatzaren 29an. Ortziralean 19:00etan Iruritako Aranabian jokatuko den jardunaldian, Zeberio II.a eta Ion, Uterga eta Otano eta Josetxo Ezkurra II.a doneztebarra eta Barricart ariko dira. Larunbatean 19:00etan Erratzun, Zeberio II.a eta Ion, Aldabe eta Aimar Saldias oiztarra eta saihets hezurra hautsia duen Otxandorenaren ordez ariko den Matxin III.a eta Azpiroz ariko dira.

Donezteben, berriz, ekainaren 11n jokatuko dute. Fase honetako bertze partidak Peraltan, Artaxonan, Lekunberrin, Ezkarozen, Agoitzen eta Altsasun jokatuko dituzte uztailaren 23ra bitarte. Ondotik finalerdietako ligaxka binaka jokatuko dute Burlatan, Lekunberrin, Andosillan, Tafallan, Garesen eta Lizarran eta finala Zubirin. Denera, Nafarroako hamazazpi herritara ailegatuko da erremontea.

Aipatzekoa da jaialdi guztietara sartzeko 5 euro eskatuko direla sarreran eta dena oso-osorik Adano elkartera bideratuko dute.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun