Zerbitzu anitzetarako langilea kontratatzeko deialdia egin du Lesakako Udalak

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 22a, 13:00
Deialdiari buruzko xehetasun guztiak udalaren webgunean daude irakurgai.

Eskabideak maiatzaren 28ra arte aurkez daitezke udal erregistroan.

Lesakako Udalak zerbitzu anitzetarako langile bat kontratatu nahi du. Aldi baterako lan kontratua eskaini dute, hautapen proben bidez. Langileak eraikuntza-lanak, baso-lanak eta ingurumena mantentzeko lanak egiteko ardura izanen luke eta lanpostuak Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen E mailako lansariak (gehi %15eko osagarria) izanen lituzke. Kontratuak sei hilabeteko iraupena izanen du.

Izangaiek hamasei urteak beteak izan beharko dituzte eta lehen ikasketen ziurtagiria, eskola graduatua, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza edo baliokideak edota eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina izan beharko dute. Atzerrian lortutako tituluak izanez gero, homologazioaren frogagiria ere beharko dute. Horrez gain, euskara gaitasuna (B2 maila edo baliokidea) izan beharko dute (ez dutenek proba bat gaindituta frogatu ahal izanen dute). Era berean, B mailako gidabaimena ere behar izanen da.

Eskabideak Lesakako Udaleko erregistroan aurkeztu ahal izanen dira. Postaz aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da (postariek data eta zigilua jartzeko) eta Lesakako Udalari jakinarazi beharko zaio posta elektronikoz (udala@lesaka.eus) aurkezteko epearen egun eta orduen barrenean. Epea maiatzaren 28an akituko da (aurrez aurre aurkezteko 13:30 arte). Eskabidearekin batera Nortasun Agiriaren kopia, eskatzen den titulazioa eta gidabaimena aurkeztu beharko dira.

Xehetasun guztiak udalaren webgunean daude irakurgai.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun