JOSE MARI ZELAIETA ERRANDONEA

«Herrian izandako prozesuak erredaktatuta batzuetan ipuin gogorrak ageri dira»

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 21a, 09:00

Zigardiberetik abiatuta Berako historiaren zati baten berri eman du Jose Mari Zelaietak. Berako Kultur Batzordeak Udalarekin batera antolatuta Bera, Zigardiberetik ikusia: 300 urte solasaldia eman zuen Jose Mari Zelaieta Errandoneak ortzegunean Berako Kultur Etxeko erakusgelan. Nafarroako Artxiboan Zigardeberea, hau da, bere sortetxeari buruz berriak bilatuz etxeko eta herriko hainbat kontu aurkitu zituen, eta horietaz aritu zen. Bertzeak bertze, XVIII. mendeko baserrien ezaugarriak, baserritarren eskubide ekonomiko eta politikoak, oinordetza, ezkontzak eta Bera herriaren panoramika eta mugaren eragina izan zituen solasgai.

Jose Mari Zelaieta duela 71 urte Berako Zigardiberea baserrian sortu zen, eta gaur egun Iruñean bizi da.

Iruñean egin zituen magisteritza ikasketak, eta 40 urtez aritu da irakaskuntzan, maisu lanetan, Lekarozen eta Iruñean (Etxabakoitz, Udal Ikastola, Sanduzelai eta Biurdana).

Erretreta hartu ondotik, Nafarroako Artxibora joaten hasi zen genealogia eta sortetxearen inguruko berriak biltzera. «Iruñean bizi naizenez, erraza nuen», dio. Hala, Berako notarioen dokumentuak aztertzen hasi zen eta «gauzak bilduz eta bilduz, lortu dut etxeko historiatxo bat egitea, 1600. urtetik hasi eta 1914. urte artekoa, orain dela ehun urtekoak baitira azken dokumentuak». Etxeko gaiez gain, gorde ditu hainbat berri auzokoak, Berakoak, interesatu zaion guztia. «Dokumentuak begira zaudela agertzen dira batekoak eta bertzekoak eta badaezpada bildu eta sartzen dituzu zakuan. Hori izan da nire afizioa urte hauetan», dio. Eta zaku horretara bildutakoak txukuntzeko, antolatzeko, erredaktatzeko eta argitara emateko astia hartu ahal izateko urte egokia izan da pandemiarena.

Pandemia garaian Zigardibereko historia idatzi du, nahiz eta aitortzen duen ez dela historiagilea, informazio biltzailea baizik. «Erretiroa hartu ondotik zerbait egin behar duzu eta beti nuen burutan genealogia edo etxeko kontuak, eta ohartua nintzen gure etxean abizenak aldatzen zirela, beraz ez zela gizasemea gelditzen etxean normalean eta horrek gehiago akuilatzen zaitu gehixeago ikusteko nor demontre bizitu ote zen eta noraino ailegatuko ote nintzatekeen…».

Zigardiberea Suspela auzoko ekialdean dago, «nolabait ere erranez Altzateko plazatik abiatu eta Illekueta pasatuz, Etxalarko Usategietako bidean, erreka horretan dago Zigardiberea. Baserri horren istoriotxoa egin nahi izan dut eta tartean, ondoko baserriena ere. Liburuxka bat osatu dut horrekin, fotokopiak eginez eta koadernatze ttiki batekin, senideen artean banatu dut. Horrelako liburuak ez dira errazak irakurtzeko, datu pila bat daude eta idor xamarrak dira. Bi bertsio egin ditut, euskaraz eta gazteleraz eta euskarazkoan saiatu naiz narratzailea lehen pertsonan jartzen, etxea bera balitz narratzailea. Dokumentu guztiak gaztelaniaz dira».

 

«Prozesuak erredaktatuta ipuinak ageri dira, batzuetan ipuin gogor eta lazgarriak»

 Gauza bitxiak ere topatu ditu Jose Mari Zelaietak. «Herrian gertatzen diren gauzatxoak eta dokumentazioa ere biltzen nuen eta horren ingurukoak ere kontatu ditut, nire sortetxearena bakarrik azaltzea aspergarria izanen litzateke. Herriarentzat interesgarriak izan daitezkeen kontuak, ekonomia aldetik, muga aldeko gorabeherak… Herriko istorio horietan prozesuak ere izan dira eta prozesu horiek azkenean ipuinak dira, batzuetan ipuin gogorrak eta lazgarriak…baina horiek erredaktatuz gero, ipuinak ageri dira».

XVII. mendeko agirietan sorginkeriaz gauza handirik topatu ez badu ere, bertze istoriotxo bat topatu du Zelaietak: «Baserri bateko senar-emazteak eritu ziren, Sara aldeko petrikiloren batengana joan eta hark erran zien bazutela baserri inguruko pertsonaren bat kalte egiten ziena eta hura salatu behar zutela. Eta hauek sinetsi eta inguruko neska gazte bat salatu zuten, ez diote bizitzen uzten, gauaz izutu eta horrelakoak eginez, neska horren amak herriko apezarengana jo zuen eta apezak, buru piska batekin erran zien senar-emazteei horrelakorik ez egiteko eta obligazioa zutela barkamena idatziz eskatzeko, notarioarengana joanda eta apezak igandeko mezan irakurri zuen barkamen-eskea… Horrelako kasu gutti batzuk topatu ditut sorginkeriaren inguruan».

 

Idatzi batzuk euskaraz eta erretorea izendatzeko arazoak

Euskara ere interesatu zaio, euskaraz idatzitako dokumentu bakar batzuk bildu ditu. «Egia da dokumentu gehienak gaztelaniaz direla, notarioek gaztelaniaz egin behar zituzten, baina aurkitu ditut tartean notario gutti batzuk utzi izan zituzten dokumentuen oinarrietan euskarazko zati batzuk, gehien bat Sara aldetik norbaitek idazten bazuen edo notarioak Sarako norbaiti idatzi behar bazion… herrian eskutitzen bat euskaraz ere topatu dut. Horrek sekulako poza ematen zidan. Horietatik batzuk Mikel Tabernari eta Ekaitz Santaziliari pasatu nien, euskara aldetik eta filologia aldetik azter dezaten», aipatu digu Zelaietak.

XVII. mende hasiera garai nahasia izan zen Beran, «Frantzia eta Espainia arteko gerra izan zen eta gu hor ginen tartean sartuak, herriko erretorea izendatzeko arazoa ere izan zen, Altzateko jaunak bat izendatu zuen baina herriak ez zuen onartzen eta herri barrenean sekulako istilu pertsonalak izan ziren eta horrek zenbait prozesu interesgarri ekarri zituen».

Berako historia hurbilagotik ezagutzeko aukera ematen du Zelaietaren lanak, baina lehendik ere «Mikelarena bezalako historiagileek dokumentu pila bat atera dituzte, historiagile sakonak dira. Nirea axaleko zerbait da, baserritik begiratu eta hau gertatzen zen… Nire begirada axalekoa da, ez nago prestatua gehiago sakontzeko».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun