Bi erremonte jaialdi hartuko ditu asteburuan Berako Eztegara pilotalekuak

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 21a, 08:00

Astelehen arratsaldean Eztegara pilotalekuan entrenatu zuten erremontistek eta gaur eta bihar jokatuko dituzte partidak.

Nafarroako erremonte txapelketako lehen partidak jokatuko dituzte gaur hiru bikotek eta larunbatean bi partidako jaialdia izanen dute

2006. urtean omenaldia eskaini zitzaion Berako Eztegara pilotalekuan Iñaki Ugartemendiari, herriko erremontista ohiari. Hamabortz urte beranduago erremontea bueltatuko da Berako frontoira eta bi egunez partida ikusgarriak antolatu dituzte. Maiatzaren 21ean, ortziralean 19:00etan hasita, Nafarroako XVI. Erremonte txapelketako lehen partidak jokatuko dituzte hiru bikotek eta biharamunean bertze jaialdi bat antolatu du Erremonte Fundazioak.

Ortziraleko jaialdian, Nafarroako erremonte txapelketa abiatzeko, Zeberio II eta Ion, Xanti Uterga doneztebarra eta Otano eta Eloy Otxandorena doneztebarra eta Azpiroz ariko dira elkarren kontra, hogei tantora jokatuko diren partidetan. Eztegara pilotalekuaren neurriak kontuan hartuta, 47 metro luze, beharbada Zeberio II.a eta Ion beteranoak izanen dira faborito.

Biharamunean, larunbatean 18:00etan hasiko den jaialdiko bigarren partidan ortziraleko bi bikote onenak ariko dira berriz ere elkarren kontra. Jaialdia hasteko, Matxin III.a eta Barricart, aita beratarra duen Aimar Jabalera doneztebarraren eta Aimar Saldias oiztarraren kontra ariko dira.

Bi jaialdiak ADANO elkartearen alde antolatu dituzte eta 5 euro ordaindu beharko dira sarreran. Txapelketa osoan bezala, Covidaren kontrako protokoloa beteko da, musukoa erabiltzea derrigorrezkoa da eta gehienez ere 180 ikusle sartu ahal izanen dira. Hortaz, jaialdiak hasi baino ordu erdi lehenago frontoira hurbiltzea aholkatu dute.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!