Amagoia Susperregi Bergara

«Konkistatu gintuzten arren ez gaituzte guztiz menperatu»

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 23a, 10:00

Apirilaren 24an aurkeztu zuten herri mugimendua Iruñeko Ziudadelan. Argazkian Amaigoia Susperregi lesakarra adierazpenak egiten.

Nafarroa eta Euskal Herriaren askatasuna eta burujabetza aldarrikatzeko helburuarekin Nafarroa Berriz Altxa herri ekimena sortu dute. Ekainean manifestazioa eginen dute Iruñean.

G. Pikabea | LESAKA

«Altxa gaitezen gure burujabetzaren alde, orain dela 500 urte altxatu ginen bezala». Hari horri tiraka bildu dira Nafarroa osoko 70 lagunetik goiti eta Nafarroa Berriz Altxa, Soberania es libertad herri mugimendua sortu dute. «Nafarroa eta Euskal Herriaren askatasuna eta burujabetza» dute begiz joa, edo bertzela erranda, «gure eguneroko bizitzan eragiten digun guztiari buruz libreki erabakitzeko eskubidea» aldarrikatu dute. Mugimendu horretako kidea da Amagoia Susperregi Bergara (Lesaka, 1973) eta ekimenaren nondik norakoez solastatu da. 

Zergatik sortu duzue Nafarroa Berriz Altxa herri ekimena?

Nafarroa eta Euskal Herriaren askatasuna eta burujabetza aldarrikatzeko. Gure eguneroko bizitzan eragiten digun guztiari buruz libreki erabaki nahi dugu inongo esku-hartzerik gabe. Hemen bizi, hemen erabaki izanen litzateke ideia. Gai hauen inguruan erabakitzeaz ari gara: hezkuntza, osasuna, lan harremanak, pentsioak, euskara, langileen prestazioak, berdintasuna, baita gure estatus juridikoa eta gainontzeko euskal lurraldeekin mantendu nahiko genituzkeen harremanen inguruan ere.

Data berezia aukeratu duzue, Noaingo eta Amaiurko gertakarien 500. urtemuga…

Duela 500 urte, hau da, 1521. urtean Nafarroan herri altxamendu bat egon zen 1512. urtean galdutako independentzia berreskuratzeko. Ondotik Noaingo bataila gertatu zen eta urte bat beranduago Amaiurkoa. Eta hortik dator ekimenaren leloa: Nafarroa berriz altxa, Soberania es libertad, hau da, altxa gaitezen gure burujabetzaren alde orain dela 500 urte altxatu ginen bezala.

Susperregik Nafarroa Berriz Altxa mugimenduarekin bat egin du.

Nolako herri ekimena da?

Herri ekimen hau Nafarroa osoko 70 lagunetik goitik hausnartu eta adostutako ideia batzuetatik abiatutakoa da, eta hainbat eremutan lanean ari garen eta konprometituta gauden eta izaera errebeldea edo inkonformista erakutsi dugun herritarrok osatzen dugu. Tartean, feministak, langileak, euskaltzaleak, pentsiodunak, intsumisoak, ikasleak, ekologistak, errepresaliatuak eta ekintzaile politikoak gaude.

Burujabetza berreskuratzeko beharra nabarmendu duzue. Azalduko zenuke?

Noain eta Amaiurko batailak gertatu zirenetik 500 urtera, Nafarroak XXI. mendeko erronkei aurre egiteko galdutako burujabetza berreskuratu behar duela uste dugu. Burujabetza falta eta erabakitzeko ezintasunak sortzen digun gabezia eta kalteez kontzientzia hartu, eta egoera hau irauli behar dugu gure bizi baldintzak hobetzeko. 

Zein dira zuen ustez burujabetza falta horren ondorioak?

Batzuetan ez gara ohartzen burujabetza faltak eta erabakitzeko ezintasunak gure egunerokotasunean duen eraginaz, eta hainbat adibide jarriko ditut ideia hori azaltzeko: langileen prestazioak ezin ditugu hemen arautu; ez dugu pentsio sistema propio bat; ezin ditugu lan harremanak bertan arautu, hau da, ez dugu hemengo langileen estatutu bat; gure udalen kasuan ezin dute sortzen duten soberakina libreki gastatu, hau da, gurea den dirua, ezin dugu gure beharretarako askatasunez erabili; behar ditugun lanpostu publiko guztiak ezin ditugu sortu; hezkuntza eremuan Madrilek araututako legearen menpe gaude; eta gainera, Nafarroan lege propioak onartu direnean, Madrilgo Gobernuak helegiteak jarri eta Espainiako auzitegiek deuseztatu edo baliogabetu dituzte. Hori da 19 legerekin pasatu dena.

Nafarren izaera errebeldea ere nabarmendu duzue…

Nafarren izaera errebeldea eta inkonformista dela erraten dugu, eta duela 500 urte konkistatu gintuzten arren, ez gaituzte guztiz menperatu. Horregatik historian hainbatetan altxatu eta borrokatu gara gure eskubideen alde eta injustizien kontra. Horren adibideak dira karlistadak, Gamazada, trantsizio garaiko langileen borrokak, abortuaren aldeko mugimendua, NATOren kontrakoa, intsumisioaren aldekoa, euskararen aldekoa, Itoitzen aldekoa eta duela gutti sanferminetako bortxaketaren kontra sortu zen erantzun ikaragarria edo Altsasuko gazteen aldekoa. Baztanen Aroztegia proiektuaren kontra altxatu diren herritarrek ere izaera errebelde hori islatzen dute.

Manifestuaren sinatzaileak
Nafarroa osoko 70 lagunetik goitik sinatu dute Nafarroa Berriz Altxa mugimenduaren manifestua, eta «beren ideologiaren, sinesmen, jatorriaren edo kondizioaren gainetik» herritarrei, «berriro ere  gure  subiranotasunaren alde elkarrekin altxatzeko» dei egin diete, «hori baita Nafarroa  justu  eta  aske  baten lanabes eta sehaska bakarra». Sinatzaileen artean eskualdeko zazpi daude: Amagoia Susperregi Bergara (Lesaka), Asier Calderon Agirre (Bera), Mikel Leitza Igartzabal (Lesaka), Petti (Bera), Xabier Terreros  Gartzia (Lesaka), Patri Arburua Etxeberria (Igantzi) eta Oier Iantzi Ordoki (Lesaka).

Pandemiak zein neurritan eragin du?

Mundu globalizatuan, burujabetzaren aldarrikapena zaharkitua gelditu dela erran digute aunitzetan. Ba egoera honetan, estatuak ez dira arazo honi modu koordinatuan irtenbide bat emateko gai izan. Horregatik soilik estatu batek ematen dituen tresnak lortzea behar bat bilakatu da. Gure kasuan, pandemiak gure burujabetza falta agerian utzi du berriz ere. Erabakiak hemen hartu beharrean, Madrilgo aginte bakarraren menpe egon gara. Han hartutako erabakien kudeatzaileak bertzerik ez gara izan. 

Ekainaren 19an manifestazioa deitu duzue Iruñean. Zein mezu zabalduko zenuke?

Aldarrikapenaren inguruan hausnartu eta bat eginez gero, manifestazioan eta ekitaldi politikoan parte hartzera animatzeko erranen nioke jendeari. Errebeldea eta inkonformista sentitzen den guztia aldarrikapen honen inguruan altxatu eta mobilizatu dadila. 

Hori baino lehen zein asmo dituzue?

Datozen egun eta asteetan hitzaldiak, aurkezpenak eta bertzelako ekimenak eginen ditugu. Horretaz gain, ROTTEN XIII taldeak ekimen honetarako espresuki kanta bat sortu du. Hala ere, ekimenari buruzko informazio guztia eta adostu dugun manifestua www.nafarroaberrizaltxa.com web orrian eskuragarri daude. Ekimena finantzatzeko atera dugun kamiseta ere webgunean eros daiteke.

Epe luzera segida izanen duen mugimendua da?

Momentuz orain hasi eta ekainera bitarte eginen duguna adostu dugu eta horren antolakuntzan buru-belarri ari gara. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun