Koronabirusaren kontra eta herritarren osasunaren alde eginahalak eta bi egiten ari diren ehunka erizainetako bat da Ane Igoa Migeltorena (Bera, 1998). Erizaintza gradua bukatu orduko, iazko ekainean, Bidasoko Ospitalean hasi zen lanean. Ordutik PCR probak egiten da eta, horrez gain aztarnari lanetan eta txertaketetan ere aritzea egokitu zaio. Egiten duten lanaz, bizi duten egoeraz, txertaketez eta udara begira dituen aurreikuspenez aritu da Ttipi-Ttaparekin. Kezka eta itxaropena sumatzen da bere hitzetan, ospitalean bizitzen ari diren egoerak «horrela segitzen badu ez duelako itxura onik» eta, aldi berean, txertaketetan «esperantza handia» duelako.
Zer nolako egoera bizi duzue joan den martxoaz geroztik?
Egoera bi ikuspuntutatik bizi dut. Martxotik ekainera arte, ikasle ikuspuntutik. Erizaintza graduko azken urtea zen eta bukatzeko ilusioz nintzela, Covid-19a azaldu eta egiten ari nintzen praktikak bertan behera gelditu zitzaizkidan. Momentu nahiko desatsegina izan zen, lagundu nahi eta ezin. Orduan, gradu amaierako lana egin nuen eta ekainean lanean hasi nintzen. Erizainaren ikuspuntutik, ospitalean bizitako eta bizitzen ari garen egoera gogorra eta zaila da. Aunitzetan, eguneko orduak motz gelditzen dira. Positiboak igotzen hasten diren momentua, bat-batekoa da, ezin da deus kontrolatu eta momentu horretan izugarrizko ezintasuna sentitzen da. Hala ere, niretzat, hainbertze jende eta hain larri ikustea izan da gogorrena. Azken igoera honetan gainera, jende hagitz gaztea da gaizki dagoena.
Zertan eragin du igoera horrek zuen eguneroko lanean?
PCRak egiten ari naizenez, lotura zuzena du. Positiboak igo ahala, lan-zama handitzen da. Gero eta positibo gehiago diagnostikatu, orduan eta kontaktu gehiagori egin behar diegu froga. Adibidez, positibo hori umea bada, ziur aski bere gelakide guztiei egin beharko diegu froga, baita bere kontaktu zuzen guztiei ere, familia, lagunak, etab. Azken hilabete honetan, egun aunitzetan, bi erizain egon beharrean, lau aritu gara frogak egiten.
Zenbat PCR egiten dituzue egunean?
Froga kopurua egoeraren araberakoa da, aunitz aldatzen da aitzineko egunetako positibo kopuruaren arabera. PCRak taldetan sailkatzen ditugu. Alde, batetik kirurgia edo froga aurreko PCRak; bertzetik, kasu positibo baten kontaktuen PCRak; eta azkenik, sintomak dituzten pertsonen PCRak. Hauek guztiak gehituta, guti goiti-beheiti 350-400 froga egiten ditugu egunean. Erizain- kopuruari dagokionez, gure taldean bortz gara PCRak egiten aritzen garenak.
«Azken igoera honetan jende hagitz gaztea da gaizki dagoena»
Ane IGOA MIGELTORENA, Berako erizaina
Maiz gazteengan paratu da begirada… Zein adin-tartekoak dira proba egiten dutenen gehiengoa?
Frogek ez dute hori islatzen, ez da gazteen adin-tartea nabarmentzen frogak egiterako garaian. Adin-tartea aldakorra da, hau da, adin guztietako pertsonei egiten dizkiegu frogak, tarte zehatz bat nabarmendu gabe. Eskola garaian, froga aunitz dira umeei egiten dizkiegunak, gela aunitz itxi eta guztiei egiten dizkiegu frogak, batez ere 3-8 adin-tartekoei.
Adin-tarte hori aldatu da frogak egiten ari zarenetik?
Baietz erranen nuke, egia da hasiera batean gazteak gailentzen zirela, baina denbora pasatu ahala, adin-tarte hori handitzen joan da eta gaur egun, aunitz dira 30-60 urte bitartean positibo ematen dutenak. Horrek ez du erran nahi ume eta gazteak gibelean gelditzen direnik, noski.
Seguru sentitzen zara lanean?
Bai, nahiz eta beldurra sentitu, beti seguru sentitu naiz lanean, zorionez. Bertze modu batera erranda, beti behar izan dudan materiala eskura izan dut (musuko egokiak, mantalak, eskularruak, pantailak, etab.) eta lanean hasi aitzinetik beharrezko formakuntza jaso nuen, kutsatze-arriskua guttitzeko eta positiboak izan daitezkeenekin nola jokatu jakiteko.
Kutsatzearen beldur zara?
Lanean ari naizen postuan, ezinezkoa da erabat lasai lan egitea, egunero positibo aunitz ematen ditugu-eta. Beraz, beldur hori beti egon da, dago eta egonen da. Hasieran, hagitz gogorra izan zen, kutsatzeko beldur hori hagitz presente zegoen, baina ez niregatik, etxeko eta ingurukoengatik baizik. Covid- 19an positiboak diren pertsonekin lan egin eta etxera itzultzean izugarrizko ardura sentitzen nuen, nire hurbilekoak kutsatzearen beldur nintzen. Hala ere, beldur horrekin lan egiten 'ikasten' da baina beti duzun arriskuaz kontziente izanik eta erlaxatu gabe aritzen gara. Txertatuta nago, baina horrek ez dit beldurra kendu, biztanleriaren gehiengoa eta, batez ere, nire etxeko eta inguruko guztiak txertatuta egon arte...
Kutsatze kopuruak ikusita, txertaketekin jendea lasaitu dela erranen zenuke?
Egia da kutsatze-kopurua handitu dela, baita jendea lasaitu dela ere, baina lasaitasun hori ez nuke txertaketarekin lotuko. Erran beharra dago, gehien kezkatzen gintuzten gure atatxi-amatxiak txertatua egoteak lasaitasun puntu hori sentitzera bultzatu gaituela. Baina kutsatze-kopuru horren igoera jendearen nekearekin lotuko nuke. Urte bat baino gehiago pasa da kaos hau hasi zenetik eta hagitz luze egiten ari zaigu denoi. Jendea nekatuta dago, bizitzeko gogoz, eta bukaera ez ikustea da arazoa...
Txertaketetan ere aritu zara...
Irungo Artaleku kiroldegian aritu nintzen txertoak paratzen, goiz batean. Guztira 1.000 txerto paratu ziren eta nik guti goiti-beheiti 200 bat. Txertoaren bigarren dosia paratu genien 70-79 adin-tarteko pertsonei.
Nolako jarrera izaten du txertoa hartzera joaten den jendeak?
Hagitz positiboa, jendea hagitz kontent etorri zen. Bigarren dosia hartu ondotik, lasaitasuna nabarmentzen zen, gainetik zama bat kendu balute bezala. Gehiengoak ez zekien zein txerto ari ginen paratzen ere, baina berdin zitzaien, beraien kezka bakarra immunitatea lortzea eta beraien buruak arriskutik kanpo ikustea zen. Nire arreta gehien erakarri zuena jendearen esker ona izan zen, osasun langile guztienganako esker ona hain zuzen ere.
Zer izaten da beldur gehien eragiten diena?
Beldurra baino gehiago kezka dela erranen nuke, orokorrean errepikatzen zen galdera familiakoei, batez ere, bilobei besarkada eta musu noiz ematen ahal zieten zen. Hainbertze aldiz galdetu zidaten gauza bera... Hunkigarria iruditu zitzaidan atatxi-amatxi horiek bilobak lasai besarkatzeko zuten ilusioa. Horrez gain, bidaiei buruz ere galdetzen zuten, ea bi txertoak jasota, baimena zuten hemendik kanpora joateko, bidaiatzeko edo familia ikusteko.
Albo-kalterik izan zuten txertatutakoek?
Ni behin bakarrik egon naiz txertatzen eta zorionez, albo-kalte bakarra txertatze-guneko gorritasun eta berotasuna izan zen.
«Txertaketa da pandemia honi aurre egiteko dugun bidea»
Ane IGOA MIGELTORENA, Berako erizaina
Behin eta berriz nabarmendu dute herritarrak txertatzea dela immunitatea lortzeko gakoa...
Txertaketaren bidez, pertsonen organismoak kasu honetan Covid-19aren aurkako immunitatea garatzea lortzen dugu, pertsonek gaixotasuna pairatu gabe. Immunitate orokorra lortzea, horixe da gakoa. Nahiz eta oraindik lan aunitz dagoen egiteke, poliki-poliki horretan ari gara. Prozesu luzea da biztanleriaren immunitate orokorra lortzea, baina bitarte honetan, argi izan behar dugu txertatuta gaudenak ez gaudela arriskutik kanpo, hau da, Covid-19az kutsatu gaitezkeela eta gure ingurukoak kutsatu. Horregatik da garrantzitsua gehiengoa txertatu arte eta arriskua izan dezaketenak infekzioa modu arinean igaroko dutela ziurtatu arte, prebentzio-neurriak txertatu aitzinetik bezala betetzea.
Jendea txertoek eragin ditzaketen albo-kalteekin kezkatuta dagoela uste duzu?
Denetik dago. Kezka hori paratu behar dioten txerto motaren arabera aunitz aldatzen da. Nire ustez, ulertzekoa da kezkatuta egotea txerto batzuekin egon diren goiti-beheitiak direla-eta. Baina, txertaketei dagokionez, alde onak, alde txarrak baina aunitzez ere ugariagoak dira. Beraz, profesionalengan konfiantza jarri behar dugu, txertaketa da pandemia honi aurre egiteko dugun bidea eta aditu aunitz ari dira horretan lanean, guztion onerako. Adibide ona iruditzen zait gaur egun zainketa intentsibotan dauden pazienteen adina jakitea, adin-tartea aunitz jaitsi da eta arrazoietako bat helduenak txertatuta egotea da.
Alarma egoera indargabetzearekin batera, neurriak arindu dira. Zer ondorio eragin dezake horrek?
Ondorioak jendearen jarreraren araberakoak izanen dira, gure esku dago etxeratze agindurik gabe zentzuz jokatzea eta indarrean dauden neurriak errespetatzea. Alarma egoera kentzeak ez du erran nahi hau guztia bukatu denik eta ez genuke horrela jokatu beharko. Nire iritziz eta zoritxarrez, orain arte ikusi dudanaren arabera, kutsatze-kopurua handituko da, Eguberrietan, Aste Santuan... gertatu den bezala.
Nolako uda aurreikusten duzu?
Lanez beterikoa, hau ez da bukatu, ezta berehala bukatuko ere. Aunitz gustatuko litzaidake txertoak jartzen aritzea baina zoritxarrez, PCR pila bat egin beharko ditudala iruditzen zait. Ospitaletan bizitzen ari garen egoera hagitz kritikoa da eta honek horrela segitzen badu ez du itxura onik. Esperantza handia dut txertaketan...
Zer egin dezakegu herritarrok zama arintzeko?
Prebentzio neurriak errespetatu eta osasun-profesionalon lekuan jarri. Hau bukatzea denon esku dago eta guztion ardura da. Badakit herritarrak egoeraz nazkatuta daudela eta ulertzekoa da, baina denok berdin gaude, nekatuta, hagitz nekatuta.
Bertzerik gehitu nahi duzu?
Eskerrak ematea gustatuko litzaidake, pertsona aunitz dira gauzak ongi egiten ari direnak hasiera batetik eta osasun langileekin enpatia dutenak. Herritar aunitz dira ospitalera etorri eta egunero eskerrak ematen dizkigutenak eta horrek indarra ematen digu aitzinera egiteko. Jende horri esker goaz aitzinera.