Andoni Larralde Etxarte

«Patronalaren aliatu nagusia Nafarroako Gobernua da»

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 23a, 08:00
Larralde ELA sindikatuko laneko osasunaren eta segurtasunaren Nafarroako ordezkaria da.

Laneko osasuna eta segurtasuna, langileen egoera, Europako funtsak, lan erreformak, fiskalitatea eta bertze hainbat kontu izan ditu hizpide lesakarrak Ttipi-Ttaparekin.

G. Pikabea | Lesaka

ELA sindikatuko laneko osasunaren eta segurtasunaren Nafarroako ordezkaria da Andoni Larralde lesakarra, eta Laneko Osasunaren eta Segurtasunaren Nazioarteko Egunaren (apirilaren 28a) eta Langileen Nazioarteko Egunaren (maiatzaren 1a) harira egindako mobilizazioen «balorazio ona» egin du; «lantokietako nahiz handik kanpoko arazo nagusiak seinalatzea, eta horien aitzinean gure aldarrikapenak zein diren azaltzea lortu dugula» dio, baina oraindik ere «lantokietan eta karrikan presioa egiteko» beharra azpimarratu du.

Apirilaren 28an Sistema honek gaixotu eta hil egiten gaitu salatu zenuten. Laneko osasuna nola ikusten duzu?

Hagitz ilun. 2020an 70 lagun hil ziren Hego Euskal Herrian lan-istripuan eta bertze 28 amiantoak eragindako gaitzen ondorioz. Joakin Beltran oraindik Zaldibarko zabortegian lurperatuta dago, eta aurten 20 dira lanpostuetan hildakoak. Horrez gain, lan istripuan hiltzen den bakoitzeko bertze 35 hiltzen omen dira laneko gaixotasunen ondorioz. Nafarroan ezbehar tasa %30 igo da 2012tik eta, estatistika ofizialek jaso ez arren, azken hamarkadan 5.000 pertsona baino gehiago hilko dira lana dela medio. Era berean, bana bertzeko soldata 2011ko mailan dago, eta kontratuen %93 aldi baterako dira, lanaldi partzial eta errotazio maila handiekin. 3.600 langilek urtean 15 kontratu baino gehiago dituzte, emakumeak, gazteak eta migranteak dira gehienak. PSOE eta PPren azken lan erreformekin lan baldintzak anitz okertu dira, eta horrek eragin zuzena du ezbehar kopuruaren igoeran. Horregatik erabili ohi dugu Prekarietateak hil egiten du lema. Argi dago sistema honek kapitalaren interesak lehenesten dituela, esplotazioa eta iruzurra ahalbidetzeraino. 

Pandemiak zenbateraino eragin du laneko osasunean?

Erabat. Plastikozko zabor poltsak babes-neurritzat erabiltzeraino. Konfinamendutik honat, Osasunbidean, zaintza lanetan, garbikuntzan edo merkataritzan zer pasatu den ikusi bertzerik ez dago. Oraindik ez dakigu zenbat pertsona hil edo gaixotu diren lantokietan koronabirusarekin, baina badakigu behin-behinekotasun maila altua, soldata arrakala eta oinarrizko zerbitzu publikoen kontura negozioa egitea bilatzen duen pribatizazioa lehenagotik ere hortxe zeudela. Pandemiak emakumeek soldatapeko lanetan jasaten dituzten bertze pandemiak utzi ditu agerian, laneko gainkarga fisikoek eragindako giharretako arazoak, eta estresak, antsietateak eta biolentziak eragindako kalte psikologikoak, adibidez. Orain, horietako anitz konfinamenduko txaloak lan-baldintza duin bihurtzeko borrokan ari dira. 

Lantokiak seguruak dira?

Oro har, ez. Ttikia izanda ere, beti dago arriskuren bat, eta enpresa gehienek prebentzio- zerbitzu bat kontratatu behar dute arriskuak neurtu eta babes-neurriak zehazteko. Anitzetan hori ez da behar bezala egiten, eta gehiegitan paperean gelditzen da. Gastutzat hartzen dute, ez inbertsiotzat. Eta administrazio publikoak berdin. 2020ko urrian, Hezkuntza Departamentua salatu genuen, irakasleei banatutako musukoek babes maila nahikorik ez zutelako. Zazpi hilabete beranduago, 8.000 irakasle baino gehiagoren musukoak ordeztu dituzte eta Haur Hezkuntzakoei FFP2-ak eman. Zenbat irakasle kutsatu dira epe horretan? Zenbat diru aurreztuko zuten?

Larralde apirilaren 28ko mobilizazioan hedabideei adierazpenak egiten.

Prebentzio neurriak errespetatzen al dira?

Ezartzen direnean, bai. Edonola ere, langileen segurtasuna bermatzeko betebeharra enpresariarena da. Batzuek ez dute barkatzen lanean huts egitea, baina bertze aldera begiratzen dute agudoago aritzeko segurtasun neurriak saihestean.

Zerk huts egiten du?

Lan arloan bezala, lan osasunean ere ez dugu behar adina eskumenik, eta lan erreformek eskubideen galera ekarri dute. Horrez gain, sistema prebentiboa inbertsio funtsen eta patronalaren mutualitateen esku dago, eta interbentzio publikoa ez da, inolaz ere, nahikoa. 2018an Nafarroako Parlamentua lan ikuskaritzaren eskumena eskualdatzearen alde agertu zen, eta gaur egun 15 inspektore daude 270.000 langile eta 40.000 lantoki kontrolatzeko. Hori ezinezkoa da, eta onartezina.

Laneko osasuna hobetzeko lehentasunak zein izan behar luke?

Lan-harremanetarako eta babes sozialerako esparru publiko propio bat sortzea proposatzen dugu, Gizarte Segurantza bere baitan hartu eta jende ahulenaren ongizatea bermatuko duena. Laneko osasun politika publikoetara bideratutako aurrekontu partidak handitzea ezinbertzekoa da, eta jarduera arriskutsuak dituzten enpresak kontrolatzea ere bai. Horretarako, beharrezkoa da Lan Osasunaren Institutuko eta ikuskaritzako plantillak 50 pertsonekin indartzea. Amiantoa eta errepideetako puntu beltzak kentzeko ere eskatu genuen. Egingarriak dira, baina ez dizkigute aintzat hartu.

Laneko osasunaren harira, zer dio administrazioak? Eta patronalak?

Patronala eroso dago. Nafarroan legedia betetzen dela dio, baina prebentzio legea onartu zenetik 25 urtera, lan-istripu larri eta hilgarrien %40 segurtasun faltagatik gertatzen dira, eta enpresek, urtero, milioi bat euro baino gehiago ordaindu behar izaten dute araudia ez betetzeagatik ezarritako isunetan. Hori gutti balitz, bere eskaera nagusia mutualitateei langileen historia klinikorako sarbidea ematea da. Zertarako? Baja egunen %45 lan-baldintza txarrekin lotuta daudela ezkutatzen segitzeko. Aurten, VW Navarrak  5.000 langileen kotizazioak Gizarte Segurantzara bideratzeari utzi dio, Mutua Navarrari esleitzeko. Eta VW Navarra Mutua Navarrako zuzendaritzako kidea da. Baina patronalaren aliatu nagusia Nafarroako Gobernua da. Gobernuak gurekin biltzeari uko egiten dio, baina CEN, UGT eta CCOOekin elkarrizketa soziala bultzatzen ari da, UPNren garaiko eredu ez-eraginkorra berriz martxan jartzeko. 2008tik 13,5 miloi euro eman dizkie laneko segurtasunaren eta osasunaren aitzakian, baina horrek ez du galarazi Nafarroa estatuan  bigarren ezbehar tasarik handiena duen erkidegoa izatea. Bertzalde, gobernuak milaka isun paratu dizkie herritarrei koronabirusaren kontrako neurriak ez betetzeagatik baina ez da gai izan arrazoi beragatik enpresa bakar bat zigortzeko. 

Aldaketa garaia dela azpimarratu zenuten maiatzaren 1ean...

Lehenik eta behin, zerga politika goitik behera aldatu behar da, kapitalak eta aberatsek gehiago ordain dezaten. UPN gobernutik atera zenetik ez da ia aldaketarik egin, eta Barcinaren garaiko fiskalitatea dugu. Lan erreformak ere indargabetu behar dira. Geroz eta gehiago Madrilen negoziatzen dira hemengo lan baldintzak, eta enpresek geroz eta errazago kaleratzen dituzte langileak. 

Zein da hori lortzeko bidea?

Lantokietan eta karrikan presioa egitea. 

Langileak zein egoeratan daude?

Langile anitzen egoera prekarioa da, baina hala zen pandemiaren aitzinetik. Langabezia maila altua da, eta handiagoa izanen da ERTEak bukatzean. Lan baldintzak gero eta eskasagoak dira eta lan kontratu batek ez ditu bizitzeko oinarrizko beharrak bermatzen.

Europako Suspertze Funtsak «tranpatzat» jo ditu ELAk…

2008ko krisian, Europako Batzordeak, Europako Banku Zentralak eta Nazioarteko Diru Funtsak osatzen duten Troikak beltzezko gizonak erabili zituen austeritate politikak eta murrizketak ezartzeko. Bertzeak bertze, lan merkatua desarautu eta erretiroa hartzeko adina gibelatu zuten. Oraingoan, Europako funtsak jasotzeko baldintza nagusia lan eta pentsio erreformak egitea izanen da. Espainiako Gobernuak lan erreforma indargabetuko zuela erran zuen duela urtebete, eta orain ez dago argi. Funts horiek, gainera, enpresa handi eta multinazionalen proiektuetara bideratuko dira, Nafarroako Kanala eta AHTra, erraterako. Proiektu horiek sostengaezinak dira. Horregatik gaude baldintzatutako edozein funts hartzearen kontra. Baina Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza duten PSOE, Podemos, EAJ eta EH Bilduk funtsak hartzearen alde bozkatu zuten. 

Lan-erreformak ere alde batera uztea eskatu duzue…

Lan-erreformak enpresa handien neurrira egindako legediak dira. 2010ean PSOEk egindakoak hemengo hitzarmenak aplikatu beharrean estatukoak aplikatzea ekartzen du. Hala, adibidez, ostalaritzako langile batek lehen irabazten zuenaren erdia irabaz dezake. 2012ko PPrena, berriz, kaleratzeak erraztu eta baldintzak okertzeko egin zen. Egungo lan merkatuaren egoera erreforma horien ondorio da, eta Espainiako Gobernua eta patronalaren iritziz ez da indargabetzeko garai ona. Gure ustez, momentu ezin hobea da, hain justu langileak kaleratzeetatik babesteko. 

Zergen erreformaren beharra ere azpimarratu duzue…

Daukagun fiskalitatea ez da nahikoa, ezta justua ere. Europako bana bertzekoarekin konparatuz, anitzez diru guttiago biltzen da eta diru sarrera publikoak langileok ordaindutako zergetan oinarritzen dira. Bereziki kezkatuak gaude PSN, Geroa Bai eta Podemosek osatzen duten Nafarroako Gobernua ez delako oposiziorik izaten ari. EH Bildu eta Ezkerrak Europako funtsen aldeko Foru Dekretua onartzea ahalbidetu dute.

Krisi honen ondoriorik kaltegarrienak zein izan daitezke?

Politika publikoak aldatzen ez badira, behar sozialak biderkatuko dira, eta kolektibo ahulenak izanen dira kaltetuenak.

Zerbait gaineratuko zenuke?

Koronabirusaren kontrako txertoen patenteekin bukatzeko neurriak eskatzen ditugu. Enpresa farmazeutikoek laguntza publiko izugarriak baliatu dituzte txertoak lortzeko, eta orain negozioa bertzerik ez dute egin nahi. Aseezinak dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun