Lesakako Osasun Etxean elkartu dira gaur azkeneko aldiz

Ttipi-Ttapa 2021eko maiatzaren 19a

Asteazkenero bezala, 10:00etan Leskako Osasun Etxean elkartu dira gaur ere, baina hau azkeneko aldia izanen da. Nafarroako Osasun Plataformak jakinarazi duenez, azken 5 hilabetetan egin dituzten mobilizazio eta elkarretaratzeak geldituko dituzte eskatutakoa Gobernuak betetzen duen ikusteko.

Osasun zerbitzua eta lehen arreta hobetzeko egindako eskariek emaitzarik emanen duten ikusteko, «hausnarketa unea» izanen dute orain. Azaldu dutenez, azkeneko hilabeteetan egindako presioaren ondorioz, «hainbat aldarrikapen Osasun Saileko planen barnean sartzea lortu dugu». Orain gelditzeko unea dela diote, «hauek gauzatzen dituztela ziurtatzeko».

Plataformak eskerrak eman nahi izan dizkie mobilizazio eta elkarretaratzetan parte hartu duten guztiei. Era berean, herritarrei osasun politikari erne egoteko eskatu die.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun