Berako Eztegaran abiatuko da ortzirale honetan Nafarroako Foru Komunitatearen XVI. erremonte txapelketa

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 18a, 08:00

Berako Eztegara pilotalekuan jokatuko dute txapelketako lehen partida eta astelehen arratsaldean bertan egin zuten entrenamentua erremontistek.

Neskak ere erremonte eskoletan hastea bultzatzeko saski ttikiagoekin eta arinagoekin saiatuko direla adierazi du Erremonte Fundazioak

Nafarroako Foru Komunitatearen XVI. Erremonte txapelketako lehen partidak maiatzaren 21ean, ortziralean 19:00etan jokatuko dituzte Berako Eztegara pilotalekuan. Denera bortz bikote ariko dira txapelketa honetan eta Berako jaialdian Zeberio II eta Ion, Xanti Uterga doneztebarra eta Otano eta Eloy Otxandorena doneztebarra eta Azpiroz ariko dira elkarren kontra. Txapelketako bertze bi bikoteak Josetxo Ezkurra II.a doneztebarrak eta Barricart-ek eta Aldabek eta Aimar Saldias oiztarrak osatuko dute.

Final laurdenetako ligaxkan bikoteak hirunaka ariko dira elkarren kontra eta Berakoaren ondotik eskualdeko pilotalekuetan izanen dira hurrengo bi jaialdiak ere, Iruritan maiatzaren 28an eta Erratzun maiatzaren 29an. Donezteben, berriz, ekainaren 11n jokatuko dute. Fase honetako bertze partidak Peraltan, Artaxonan, Lekunberrin, Ezkarozen, Agoitzen eta Altsasun jokatuko dituzte uztailaren 23ra bitarte. Ondotik finalerdietako ligaxka binaka jokatuko dute Burlatan, Lekunberrin, Andosillan, Tafallan, Garesen eta Lizarran eta finala Zubirin. Denera, Nafarroako hamazazpi herritara ailegatuko da erremontea.

Aipatzekoa da jaialdi guztietara sartzeko 5 euro eskatuko direla sarreran eta dena oso-osorik Adano elkartera bideratuko dute.

 

Navarra Arenan egindako aurkezpenean izan ziren antolatzaile eta laguntzaileak. 

 

Neskak ere erremontean

Maiatzaren 17an egindako aurkezpenean Erremonte Fundazioko Jaime Agirrek aipatu zuenez, Nafarroako Kirol Institutuaren laguntzaz, klubetako erremonte eskola eta ataletan sartzeko aukera eskainiko zaie kirol honetan trebatzen hasi nahi duten neskei. Horretarako, saski ttikiagoak eta arinagoak erabiliko dituzte, mutikoen adin berean hasteko aukera izan dezaten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun