Nafarroako launakako sokatira txapelketako azken bi txapelak Beti Gaztek lortu ditu

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 17a, 10:00

Emakumeak 235 kiloko kategorian eta gizasemeak 300 kilokoan txapeldun suertatu ziren larunbatean Antsoain

Nafarroako launakako sokatira txapelketan bosgarren eta hondarreko jardunaldia jokatuko zuten larunbatean Antsoainen. Emakumezkoetan nahiz gizonezkoetan pisu arinetako bigarren jardunaldia jokatu zuten, emakumeek 235 kilokoan eta gizonezkoek 300 kilokoan eta bietan txapeldun suertatu ziren Lesakako Beti Gazteko tiralariak. Argazkiak: Jose Mari Irazoki (Xagu-Lesaka)

Emakumeak, Elizondon jokatutako lehen jardunaldian bezala, tiraldi guztiak irabazita sartu ziren finalean eta finalean Txantrea menperatu zuten. Hirugarren Berriozar izan zen.

Beti Gazteko laukote txapeldunean, Amaia Leiza, Maialen Lopez, Udale Loidi (Oiartzun)  eta Ainhoa Ubiria aritu ziren, Ane Gurrutxaga entrenatzaile zutela.

Beti Gazteko gizonezkoek lan gehiago egin behar izan zuten. Elizondon hirugarren izan ziren, Txantreako bi laukoteen gibeletik. Baina Antsoainen, lehen fasean tiraldi guztiak irabazita lortu zuten finalerako txartela eta azken tiraldietan ere Txantrea A menperatu zuten. Podioko hirugarren koxkan Txantrea B izan zen.

Beti Gazteko laukotean Joxe Angel Mitxelena, Beñardo Iantzi, Iñigo Altzugarai eta Gerardo Telletxea aritu ziren, Unai Gurrutxaga entrenatzaile zutela.

Helduez gain, 20 urtez beheitiko kategotian eta kadete mailan ere hirugarren eta hondarreko jardunaldia jokatu zuten. Araxes eta Txantrea izan ziren txapeldun, hurrenez hurren.

Gisa honetara, Nafarroako launakako sokatira txapelketan jokoan zeuden bortz txapeletatik lau lortu ditu Beti Gaztek. Emakumeek bi kategoriatan irabazi dute, gizonezkoek pisu arinean txapeldun izan dira eta pisu astunenean txapeldun orde eta talde mistoa txapeldun.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!