Nafarroako launakako sokatira txapelketako azken txapelak banatuko dituzte larunbatean Antsoainen

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 14a, 16:00
Soka azken aldiz tenkatuko dute Nafarroako laukoteek larunbat honetan Antsoainen.

Beti Gazteko emakumeak 235 kiloko kategorian lehiatuko dira eta gizasemeak 300 kilokoan

Nafarroako launakako sokatira txapelketan bosgarren eta hondarreko jardunaldia jokatuko dute maiatzaren 15ean, larunbatean 17:00etan hasita Antsoainen.  Emakumezkoetan nahiz gizonezkoetan pisu arinetako bigarren jardunaldia jokatuko dute, emakumeek 235 kilokoan eta gizonezkoek 300 kilokoan. Ondotik, bi jardunaldietako emaitzak kontuan hartuta, bi onenek finala jokatuko dute. Helduez gain, 20 urtez beheitiko kategorian eta kadete mailan ere hirugarren eta hondarreko jardunaldia jokatuko dute.

Joan den larunbatean Elizondon jokatutako lehen jardunaldian, emakumezkoetan Beti Gazte gailendu zen tiraldi guztietan, Txantreak eta Berriozarrek berdindu egin zuten bigarren postuan eta Antsoain laugarren izan zen. Gizonezkoetan, aldiz, Txantreako bi laukoteak gailendu ziren eta Beti Gazte hirugarren izan zen, Berriozar laugarren eta Antsoain bosgarren. Ikusi beharko Antsoainen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun