Xalbador Madariaga

«Beharrik andreak soinuak sumatu zituen, bertzela biek hantxe erre izanen ginen»

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 15a, 11:00
Sekundina Bergara eta Xalbador senar-emazteak Simonenborda baserriko terrazan. Guttigatik libratu ziren 2020ko ilbeltzean baserriak su hartu zienean.

«Barrenean ez zen deus onik gelditu, ezta jostorratz bat ere, baina andrea dela medio, bizirik atera ginen». Halaxe kontatu du Xalbador Madariaga Elizondok (Arantza, 1930). Ez du atzendua, ezta aise atzenduko ere joan den urte hasiera. Oraindik ere begiak malkotan dituela mintzo da 2020ko ilbeltzaren 3az. 

Madariaga bera eta Sekundina emaztea ohatzean harrapatu zituen suak arrats hartan. «21:00etatik 22:00etarako tartean izan zen, lo geundenean». Andreak sumatu zituen lehenbiziko seinaleak eta «beharrik» dio Madariagak, «bertzela, biek hantxe erreko ginen». 

«'Xalbador, zer dira soinu horiek?' erranez ernatu zidan andreak, eta nik 'egizu lo, ez da deus ere' erantzun nion». Baina andreak berriz eman zion solasa: «Argiak joan zirela abisatu zidan eta 'arraioa zer pasatu ote da?' pentsatu nuen». Mesanotxeko linterna hartuta atera zen gelatik eta atea ireki orduko kea sentitu zuen: «etxea ketan zegoen». Kanpora abiatu zen eta «sarrerako atea ireki nuenean suak indarra hartu zuen». Etxe atarian zela «goia dena sutan ikusi nuen, sua hagitz fuerte indartua zen eta ordurako dena hartua zuen».

Ganbara agudo beheiti eroriko zen beldur, «andrea ohatzetik tiran atera nuen, zegoen bezala, kamisoiarekin, ez oinetako eta ez bertze deus». Bera ere «ardi bordan edukitzen nituen bi zapatila zahar eta txaketa bat hartuta» moldatu zen. Edozein moduz, hori baino lehen, «barrenera sartu eta  eskopeta zahar bat hartzeko» denbora izan zuen, eta «kanpora atera eta bortz tiro bota nituen jendea konturatzeko, eta laguntza eskaka oihuka hasi nintzen». Guttigatik libratu ziren, «andreak soinuak sumatu eta sei-zazpi minuturen buruan, goia dena erori zen». 

Ezin deus egin

Laguntza eskatu eta berehala etorri ziren bizilagunak, Tuaneko bordakoak, «non ginen galdeka etorri ziren, ongi ginen galdeka... Biak ongi ginela eta barrenean bertze inor ez zegoela erran genienean, bordako ardiak atera zituzten, eta gu goitiraxeago eramanarazi gintuzten. Andreari arropa eta zapatilak eman zizkioten».

Senitartekoak eta herritarrak ere agudo ailegatu omen ziren, «baina ezin izan genuen deus egin. Goiko suak ordurako indar ikaragarria hartua zuen eta dena kiskalia gelditu zen. Erre ez zen apurra hondatua gelditu zen, ez zen deus onik gelditu», dio Madariagak hunkituta. Hantxe gelditu ziren «gure oroigarri guztiak, puskak, andrearen alajak, arropak, jatekoarekin betetako hiru izozkailuak, trikitixa zaharra, Frantzian lanean ibili nintzeneko arpana zaharrak... Familia handia gara eta denen gauzak izaten ziren hemen... Dena galdu genuen».

Egun «tristea» ez du atzendua, baina «ondoko egunak ere» halakoak izan ziren beretzat. Egun hartan bertan «semeak herrira eraman gintuen. Lesakatik medikuak segidan etorri ziren eta pastillak eman zizkiguten». Baina ez zioten mina arindu: «lehendabiziko bi hilabeteetan zortzi kilo galdu nituen. Pastillak ematen zizkidaten baina ez nuen lorik egiten». Oraindik ere ez zaio aldendu amesgaiztoa: «gauez ernatzen naizenean ez da oroitu gabeko egunik izaten».

Zazpi hilabeteren buruan bueltatu ziren Simonenbordara senar-emazteak, eta «nahiko agudo» egin bazuten ere, «beretzat gogorra» izan zen. «Barrena pixka bat prestatua izan orduko» jo zuten baserrira, eta «oraindik bukatu gabea» badute ere, «konforme eta kontent» dago: «Hemen gustura bizi gara». «Ez dugu deusen faltarik» eta falta dena, «poliki-poliki» eginen dutela dio: «barreneko sukaldea, ganbara, kamioiak sartzeko hondatua gelditu zen txabola, sarrerako portxea... Badugu lana, baina ez dugu apururik». 

Eskerrak

Bidean hartu duten laguntza ere ez du aipatu gabe utzi nahi izan. Batetik, «aseguru-etxea hagitz ongi portatu dela» eta bertzetik, jendearen erantzuna nabarmendu du: «jende on aunitz harrapatu dugu eta bakoitzak posible duen moduan aunitz lagundu digu, bai herritarrek baita herritik kanpokoek ere». Ezbeharra izan zenetik urte eta erdira «oraindik ere laguntza ematen digutela» gaineratu du, eta «guztiei eskerrak eman nahiko nizkieke. Ez dugu sekula aski eskertuko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun