Agustina Goienetxe eta Sonia Gainza

«Ezin izan genuen deus egin gure bizitza guztia erretzen ari zela ikusita»

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 15a, 09:00

2007ko abenduaren 10ean erre zen Etxalarko Oiarburu baserria, eta gertakari lazgarri hartaz solastatu dira Agustina Goienetxe Danboriena eta Sonia Gainza Goienetxe Etxalarko ama-alabak TTIPI-TTAPArekin.

Ekaitz handiko egun batean erre zen Etxalarko Oiarburu baserria, Sonia Gainza alabaren hitzetan, «trumoika fuerte» ari zuen egun batean: «02:40 aldera etxean bonba gisako bat lehertu zela sentitu genuen. Izutua ernatu nintzen. Gure solairuan, argindarraren kaxa xehatua lurrean ikusi nuen eta gurasoen gelara joan nintzen». Amak heiara jo zuen lehenbizi eta «argirik gabe, dena ilun» zegoela ikusi zuen. «Goiti» joan zen gero, eta «beroa sumatu nuen. Goian genuen landetxea arratsalde hartan utzia zuten turistek eta berogailua piztua utzia izanen zutela pentsatu nuen». Hori baino makurragoarekin egin zuen topo: «Ganbaran kristoren sua ikusi nuen».

Beheko mangera» hartzen saiatu eta zerbait egin nahi izan zuen Goienetxek, «baina ezin zen deus egin. «Ganbaratik segidan gure bizitzara jaitsi zen sua, baita heiara ere», kontatu du alabak. Eta amak «heia, gure bizitza, ganbara, landetxea eta landetxe gainean genuen ganbara koxkorra... Dena erre zela» gaineratu du: «sega-makina, motozerrak, etxeko eskriturak, arropa, josteko makina, argazkiak...». Gainzak «erre ez zena bustita hondatu zela» dio eta hala, «deus gabe gelditu ginen, arrats hartan etxetik atera ginen bezalaxe». 

Tximistaren arrastoak nonahi

Tximistaren zartako batekin hasi zen dena. Goienetxek «instalazioa berri-berria» zutela gogoratu du, baina suak ez zuen barkatu. Alabak argitu duenez, «ez ziguten inoiz garbi erran tximista nondik sartu zen. Nonahi arrastoak utzi zituen. Etxearen gaineko aldean bi arbola lehertu zituen, lurrean arrastoa utzi zuen, herrira joan zen telefonoaren kabletik...».

Ama-alabekin batera, aita eta amatxi bizi ziren baserrian eta «denak atera eta euria ari zuenez terraza azpian egon ginen». Begi-bistan ikusi zuten baserria kiskaltzen, eta «ezin izan genuen deus egin gure bizitza guztia erretzen ari zela ikusita. Inpotentzia handiko momentuak izan ziren».   

Agudo eskatu zuten laguntza. Amak «Etxalarko guardia zibilei eta auzotarrei deitu» zien, «buruz nekizkien telefonoak markatu nituen eta segidan etorri ziren. Etxetik oinarrizkoa atera nahi izan nuen, arropa eta hain maitea nuen josteko makina, baina guardia zibilek ez zidaten utzi».  

Ondoko hilabete «luzeak»

Suak «lau paretetan» utzi zien sortetxea eta dena hutsetik hasi behar izan zuten. Ondoko hilabeteak ez omen ziren samurrak izan. «Egunero» egiten zuten baserrira bisita eta amarentzat tentsio handiko asteak izan ziren: «fabrikatik aterata baserrira joaten nintzen, handik herrira lotara, goizean ernatu eta martxa fabrikara». Horrela «denbora luzez» ibili zela dio, urtebete eta gehiago behar izan baitzuten baserria berriz zutik paratzeko. Bueltatu bitarteko denbora «luzea» egin zitzaiela onartu dute, eta aukera izan zuten bezain agudo bueltatu ziren: «bizitza egin eta segidan». «Amatxi adin batean zegoenez, eta fabrikan ari nintzenez, landetxea ez genuen egin».

«Atzenduko ez dugun laguntza»

Lo egiteko idorrik gabe, senideek eta herritarrek utzitako etxeetara jo zuten. Hasteko, «20 egun pasatu» zituzten senitartekoen etxean, eta handik Iriondora joan ziren, «herriko familia batek etxea utzi zigun». Ez ziren borondatea erakutsi zuten bakarrak izan, eta hori nabarmendu nahi izan dute: «hasieratik laguntza handia hartu genuen. Sua itzaltzera jende aunitz etorri zen, obra egin bitartean etxe aunitz eskaini zizkiguten eta hondakinak ateratzen aunitz lagundu ziguten. Bankuetan kontuak ireki zituzten, Toki Ona institutuan saski batzuen zozketa egin zuten eta udalak ere lagundu zigun». Elkartasun «handiaz» mintzo da, «auzoan, herrian, udalean, ondoko herrietan...» sumatu zuten babesaz. Alabaren hitzetan, «oraindik eskertzen dugu eta ez dugu atzenduko».

Aurten beteko dira hamalau urte gertakari ilun hark Oiarburuko familia astindu zuenetik eta «kontatzen hasita negar egiteko gogoa heldu» zaiola aitortu du Goienetxek. Gehiago ere bada. «Oraindik ere trumoika hastean beldurka ibiltzen gara», dio alabak. Gainera, bertze ustekabeko bat ere izan zuten joan den udan, «telefono lineatik tximista sartu» zitzaienean. «Heian dagoen telefono linearen kaxa lehertu zen eta ikara ederra hartu genuen, baina horretan gelditu zen». Beldurra «beti hor dagoela» eta «halakoak irenstea ez dela erraza» diote, baina aldi berean argi dute «biziak aitzinera segitu behar duela». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun