Joan den ortziralean, maiatzaren 7an, Ezagutu dezagun Lesaka lehiaketako sariak banatu zituen Beti Gaztek. Parte hartu zuten ikastolako eta eskolako 44 gaztetxoek herriaren historiari buruzko 30 galderei erantzun bidenabar, ongi pasatzeko tartea izan zuten lehiaketan, baita sari banaketa egunean ere, Harriondoa kultur etxetik Biskantxeneko plazara soinulariek lagunduta joan baitziren.
Parte-hartzaile guzientzako opariak izan ziren eta galdera gehien erantzun zutenek sariak ere jaso zituzten. A mailakoen artean (LHko lehen eta bigarren maila) Aiur Garrok lortu zuen lehen saria (29 puntu), Mattin Maritxalarrek bigarrena (28 puntu) eta Enara Ariztegik eta Markel Etxeparek hirugarrena (27 puntu).
B kategorian, hirugarren eta laugarren mailakoen artean, Ibai Criado eta Kemen Garro nabarmendu ziren (29 puntu) eta Maria Alzugarai, Naroa Sanchez eta Intza Sagardiak 28na galderei zuzen erantzun zieten.
C mailan, LHko bosgarren eta seigarren mailan, Maddi Hoyos izan zen irabazle (29 puntu), Kemen Mitxelena bigarren (28 puntu), Alain Etxepare hirugarren (27 puntu) eta laugarren sarirako berdindu egin zuten Oier Arruabarrenak, Irati Sevillanok eta Beñat Bereauk (26 puntu).
Saridunek herriko komertzioetan eskolarako materiala erosteko bonuak jaso zituzten, 50, 40, 35 eta 30 eurokoak, sailkapenaren arabera.