Beran Uraldea karrikako ostatuen eta bizilagunen arteko elkarbizitza hobetzeko bilera egin dute

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 10a, 17:00
Maiatzaren 7ko bileran elkartu ziren Uraldea eta Altzate karriketako bizilagunak, ostatuen jabeak eta udal ordezkariak.

Berako Uraldea eta Altzate karrikako bizilagunek bilera bat eskatu zuten, bertako egoeraren berri emateko, udalari eta karrika horretan dauden ostatuen jabeei. Bilera hori joan den ortzegunean, maiatzaren 7an egin zuten, bide publikoen kudeaketa hobetzeko helburuarekin.

Izan ere, bizilagunak hagitz kexu daude, «karrika mahaiekin, aulkiekin eta barrikekin» ixten dietelako «baita aunitzetan goizeko hamarretarako ere ataka batekin». Honela, batzuetan etxetara ere ezin sartuz gelditzen direla salatu dute bizilagunek eta «lehenago karrika erabiltzen genuen zenbait bizilagunek ez dugu erabiltzen, pasatzeko lekurik ez dagoelako edo apurua ematen dielako».

Ostatuen terrazak nola paratu, oinezkoei pasabidea utzi, kalea kotxeen trafikoari noiz eta nola itxi eta ireki… hainbat gaiez aritu ziren bilera horretan eta bizilagunekin eta ostatuen jabeekin batera, Berako alkatea eta bi zinegotzi ere bertan izan ziren. Aitor Elexpuru Berako alkateak errandakoaren arabera, «lehenago ere alderdi horiek arautuak dira, baina iruditu zaigu ona dela arauak errepasatu, oroitarazi, eta denon artean betetzeko konpromisoa berrestea».

Iaz ekain aldera ere egin zen antzeko bilera bat, baina beharrezkoa ikusi da berriz egitea, denen iritziak bildu, eta denen artean hausnartu, solastatu eta estrata horren  kudeaketa hobetzeko. Bilera honen ondotik eremua ongi markatua gelditu da: Mahaiak non paratu, oinezkoen pasabidea zein izanen den eta abar.

Berako alkateak adierazitakoaren arabera, «espero dugu honelako bilerek ostalarien eta bizilagunen arteko elkarbizitzan lagunduko dutela. Ea denon artean lortzen dugun».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun