Amaia Agirrek irabazi du Señora Sariketako lehenbiziko edizioa

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 10a, 12:00

Lesakako Arrano ostatuko terrazan jokatu zuten I. Señora Sariketako finala. Sei bertsolari aritu ziren lehian eta giro ederra sortu zuten umoretik ere aunitz izan zuen saioan. Finalistak Saioa Alkaiza, Haizea Arana, Miren Artetxe, Paula Amilburu, Onintza Enbeita eta Amaia Agirre izan ziren eta gai-jartzaile lanetan, berriz, Ainhoa Larretxea beratarra aritu zen.

Bertso saioaz gozatzeko gogoz, jende ugari bildu zen zenbait emakume bertsolarik eta bertsozale feministek antolatutako I. Señora Sariketaren finalean. «Emakume bertsolariei elkarrekin kantatzeko guneak sortzeko eta hauek plazan duten presentzia areagotzeko» helburuarekin abiatu zuten sariketa, eta lehenbiziko edizio honetan hamalau bertsolari aritu dira lehian. Horien artean, apirilaren 17an Aramaion (Araba) egin zuten lehenbiziko kanporaketa eta orduan Haizea Arana eta Miren Artetxek eskuratu zuten finalerako txartela. Bigarren kanporaketa apirilaren 24an egin zuten Mutrikun (Gipuzkoa), eta aldi hartan Saioa Alkaiza eta Paula Amilburu bertsolariak sailkatu ziren finalera. Eurekin batera Amaia Agirre eta Onintza Enbeita ohorezko gonbidatuak aritu ziren finalean. Azken bi horiek aritu ziren buruz burukoan eta azkenean, Agirrek jantzi zuen txapela.

Sariak banatzen, berriz, Maialen Lujanbio, Rosi Lazkano eta Kristina Mardaraz aritu ziren eta txapeldunari saria emateaz Estitxu Arozena lesakarra arduratu zen. Agirrek bere eskutik jaso zuen kapela, botila eta lore-sorta. Enbeitak, bigarren sailkatuak, botila hartu zuen eta horrez gain, parte-hartzaile guztiek poltsa-beroa eta txokoli botila hartu zituzten oroigarritzat.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun