Olaia Otxoteko

«Erran beharrekoa ongi komunikatzea hagitz garrantzitsua da»

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 9a, 11:00

Beti Gazteko komunikazio arduraduna da Olaia Otxoteko, eta Euskadi Irratian ere korrespontsal lanak egiten ditu

Nola aurkeztuko zenuke zeure burua?

Geldirik egoten ez dakien 23 urteko lesakarra.

Zeintzuk dira zeure zaletasunak?

Ofizialki argazkilaritza, kotxeak eta musika. Estraofizialki besta.

Zergatik sartu zinen komunikazioaren munduan?

Oraindik ez dut galdera honen erantzuna hagitz garbi. Kasualitatea agian… Hala ere, betitik eman dit atentzioa komunikazioak (bere arlo guztietan) gure gizartean duen botereak.

Beti Gazteko komunikazio arduraduna zara. Zein erantzukizun dakar horrek?

1.350 bazkideren begiak idazten eta publikatzen duzunaren gainean izatea batez ere.

Aldaketa handiak egin dituzu?

Ez nituzke aldaketa bezala definituko, bultzada eder bat bezala baizik. Barne komunikazioa antolatzeaz gain, elkartea bazkideen egunerokoan “sartzen” saiatu naiz, sare sozialetan Beti Gazteren presentzia areagotuz, adibidez.

Nolako garrantzia dauka gaur egun edozein elkartek komunikazio estrategia on bat edukitzea?

Izugarrizkoa. Egiten dugun guzti-guztiak zerbait komunikatzen du eta gaur egun informazioa hain eskura dugun honetan, erran beharrekoak ongi komunikatu eta kudeatzea hagitz garrantzitsua da.

Irratian ere ibili zara lanean. Non ari zara momentu honetan?

Euskadi Irratiko Nafarroako korrespontsalian.

Xorroxin Irratian egotetik Euskadi Irratian lan egitera. Aldaketa handia da?

Xorroxin eskola izan ondotik ez da aldaketa hagitz handia izan, baina egia da lan egiteko bi modu hagitz desberdinak direla.

Zein albiste gustatuko litzaizuke ematea?

Momentu honetan dudarik gabe, COVID-19aren desagertzea eta horrek ekarriko lukeen 2021eko sanferminak ospatu ahal izatea.

Zein lan nahiago duzu, irrati esataria edo komunikazio arduraduna?

Zaila da aukeratzea, irrati batek ematen didan “saltsa” ez dit komunikazio arduradun izateak ematen… Hori bai, komunikazio arduradun izatearen lana gehiago disfrutatzen dudala erranen nuke.

Zure asmoak etorkizunerako?

Oraingoz esku artean dudan masterra bukatu eta gustatzen zaidan horretan lanean jarraitzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun