«Lehen abeslari ezagun izatea nuen amets, orain, berriz, abestuz gozatzea»

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 8a, 11:00
Oihana Amoros Arantzako gaztea.

Oihana AMOROS ABREGO Arantzako gaztea

Bertzeak bertze, animaliak eta natura gustuko dituen Arantzako gaztea da Oihana Amoros Abrego (Arantza, 2000). Ingurumen Hezkuntza eta Kontrola goi mailako zikloa ikasten ari da Donostian. Bi ildo nagusiren bueltan eraikitako ikasketak dira: batetik, gizartea ingurumenak dituen problemez kontzientziatzeko; eta bertzetik, problema horiei aurre egiteko bete beharreko arauak –hondakinak, urak... kudeatzeko erraterako– ikasteko. 

Argi dio ikasketa horiek ez direla berak begiz joak zituenak izan: «Iruñean Batxilergo artistikoa egin ondotik, Bartzelonara joan nintzen Komedia Musikal ikasketak egitera baina utzi egin nuen. Etxera bueltatu nintzenean gizarteratzea ikasi nahi nuen, baina ez ninduten hartu...». Ikasketak zaletasunekin lotuak diren heinean, kontent dago Amoros. Hala ere, hauek akitu ondotik ikasten segitzeko asmoa du: «hau zubi bat izatea nahiko nuke». 

Langile klasearen kontzientzia indartzeko beharra
Gaztea da, eta bertze gazte aunitz bezala, lan-munduari begira ere hasia da. Horrek nolabaiteko kezka eragiten dionik ez du ukatu: «nahiz eta ikasketa aunitz izan lan duin bat lortzea zaila izaten da. Bertzelako lanak, baldintza kaskarragoak dituztenak, izaten dira...». 

Ideia horri tiraka, langile klasearen kontzientzia indartzeko dinamika batean parte hartu du Amorosek: «langile klasearen kontzientzia hagitz aspalditik existitzen den kontua izan arren, gaur egun ez dago indarrean eta gero eta beharrezkoagoa da. Orain bertan krisi egoera batean gaude, eta horrelako egoerak behin eta berriz izanen ditugu». Bizi dugun egoera honetan, erraterako, «langile klasearen egoeraz ez da solas egiten, edo ez behar adina behintzat».

«Maiz kexatu arren ez dugu arazoaren oinarrira jotzen»

Egoeraz kontzientzia hartzea da bere ustez hortik ateratzeko giltza. Horretarako, Bortzirietako gazte batzuk elkartu eta Klase Kontzientzia Hedatu goiburupean hitzaldiak antolatu zituzten apirilean eta maiatzaren 1ean, langileen egunean, mobilizazioa egin zuten. 

Horiek keinu batzuk izan dira,  «maiz kexatu eta kexatu aritzen garen arren, arazoaren oinarrira jotzeko joerarik ez dugu eta. Klase baten barrenean gaude, gure egoera zein den eta den bezalakoa zergatik den ulertu behar dugu, ondotik esku hartu ahal izateko». 
Hori ulertuta, «zure ideiekin bat egiten duten kideekin elkartu eta nahi dutena lortzeko borrokatzea» da bidea bere ustez. 

Nahiak lortu arte
Bere nahiak lortu arte borrokatzen duen horietakoa izan da beti Amoros. 
Halaxe egin izan du bere zaletasun nagusiarekin, kantatzearekin, ere: «lau urterekin musika eskolan hasi nintzen eta, horrez gain, zazpi bat urtez abesbatza batean parte hartu nuen...». 

Maite du kantatzea eta horri tiraka, hainbatetan jendaurrean kantatu du: «aukera guztiak aprobetxatu ditut, musika eskolan aunitzetan egiten genituen kontzertuetan, Toki Onan San Juan Boscon...». Azken hori eta telebistan egindako saioa, Kantugiro, izan ziren jende gehiagok ikusteko aukera luzatu ziona. Ondotik, Batxilergo artistikoa egin zuen. Gehiago ere bada: «lagun batekin elkartu eta berak gitarra jo eta nik ahotsa jarrita euskal kanten bertsioak egin genituen. Zenbait herri ttikitan ere izan ginen...». 

«Musika talde bateko kide izatea gustatuko litzaidake»

Tartean Youtube kanala ere sortu zuen: «nire ametsa abeslaria eta ezaguna izatea zen, arratsaldeak pasatzen ahal nituen Coverrak edo La Voz Kids ikusten». Hortaz, 15 urte zituela lehenbiziko bideoa goitu zuen: «egun bakarrean 5.000 bisita izan zituen eta hori niretzat izugarria izan zen. Hori kudeatzen ez nuen jakin eta urtebete pasatxora goitu nuen hurrengoa». Ordutik gehiago ere goitu ditu baina horiek ez dute halako oihartzunik izan: «nik hiru kanta sortu ditut. Bat kolaborazioa da eta bertze biak bakarrik egin ditut. Niri gustatzen zaizkit, nire barrenetik atera direlako eta kontent nago hor daudelako». Momentu honetan «niri gustatzen zaidana egitea, gozatzea, da nire helburua eta hori norbaiti gustatzen bazaio horrekin kontent nago».

Orain arte ez bezalako ikuspegiarekin, baina bidea segitzeko asmotan da Amoros: «neure kabuz kantatzen segitzen dut, klaseetara joan gabe eta nire zaletasunaz gozatzen segitu nahiko nuke». Hala ere, proposamenetara irekita dago, probatzeko prest eta dakiena erakusteko gogoz: «berriz ere taldetxo bat eginen nuke edo talderen bateko kide izateko aukera izatea gustatuko litzaidake».  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun