Amaia Agirre eta Onintza Enbeita izanen dira Señora Sariketako ohorezko gonbidatuak

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 6a, 10:00
Alazne Untxalo iturendarra Aramaion egin zen Señora Sariketako lehenbiziko kanporaketan.

Zenbait emakume bertsolarik eta bertsozale feministek antolatutako I. Señora Sariketaren finala larunbatean Lesakan jokatuko da. Sei bertsolari ariko dira: lehenbiziko kanporaketan finalerako txartela eskuratu zuten Haizea Arana eta Miren Artetxe, bigarren kanporaketatik sailkatu ziren Saioa Alkaiza eta Paua Amilburu eta horiekin batera, ohorezko señora gonbidatuak: Amaia Agirre eta Onintza Enbeita.

«Emakume bertsolariei elkarrekin kantatzeko guneak sortzeko eta hauek plazan duten presentzia areagotzeko» helburuarekin Aramaion (Araba) hasi zuen ibilbidea I. Señora Sariketak. Zenbait emakume bertsolarik eta bertsozale feministek antolatu dute, tokiko herri eragile eta mugimendu feministako kideekin elkarlanean. Apirilaren 17an egin zuten lehenbiziko kanporaketa eta orduan Haizea Arana eta Miren Artetxek eskuratu zuten finalerako txartela. Bigarren kanporaketa apirilaren 24an egin zuten Mutrikun (Gipuzkoa), eta aldi hartan Saioa Alkaiza eta Paula Amilburu bertsolariak sailkatu ziren finalera.

Antolatzaileek gaur jakinarazi dute finaleko seikotea Amaia Agirre eta Onintza Enbeita ohorezko señora gonbidatuek osatuko dutela. Agirre eta Enbeita zuzenean finalean aritzeko gonbidatu dituzte, «bertsolaritzan eta 'señoratasunean' erreferente direla» iritzita.

Finala larunbatean, maiatzaren 8an, Lesakako Arrano ostatuko terrazan izanen da. 17:00etan hasiko da eta Ainhoa Larretxea beratarra gai-jartzaileak gidatuko du. Sarrerak agortuta daude baina sarrerarik eskuratzerik izan ez dutenek bertsoa.eus atarian izanen dute saioa jarraitzeko aukera.

Señorak

«Umorea tresna nagusi gisa erabiliz, 'señora' izaerari aldarri» egin nahi diote sariketan. Antolatzaileen hitzetan, «kontzeptu lausoa baita 'señora' izatea, zehazten zaila, baina, aldi berean, guztiok ulertzeko gai garena. Andre zaharrarekin, bakardadearekin edo ausardiarekin lotua. Sarritan gutxietsia edo epaitua, baina desiratua ere bai batzuetan». Horrela, «belaunaldien arteko sareak indartu eta emakume bertsolarien ahalduntzean pauso bat gehiago eman» nahi izan dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun