Nafarroa Oinez, Herri Urrats, Araba Euskaraz… Ikastolen aldeko bestek utzi duten «idorteari»
aurre egiteko Tanta egitasmoa sortu dute. Tanta Euskal Herri mailako zozketa erraldoia da, ekainaren 25ean eginen dena. Egun horretan, tanta-txartel irabazleak 60.000 euroko saria jasoko du eta, horrez gain, bildutako dirua ikastolen proiektua laguntzeko ere erabiliko dute.
Joan dira aste batzuk emeki-emeki Euskal Herriko hainbat tokitan tanta-emaria hasi zenetik: Tuteran, Amikuzen, Gasteizen, Baionan… Ikastoletako gurasoak txartelak banatu eta saltzen ari dira han eta hemen, eta noski, gure eskualdean ere bai, tantaka-tantaka, Lesakan, Urruñan, Baztanen, Saran, Azkainen eta Beran… Ikastoletatik abiatu da proiektu hau baina beti bezala hainbat herritarrek haien denda, ostatu eta elkarteetatik babesa eta bultzada eman diote.