Geografia eta Historian lizentziatua eta Historian doktorea da Mikelarena. Zaragozako eta Huescako unibertsitateetan lan egiten du eta hainbat liburu argitaratu ditu 1936ko kolpearen eta Frankismoaren inguruan; hala nola, Osasuna 1936. Golpistas, represaliados y Franquismo (2021), La (Des)Memoria de los vencedores. Jaime Del Burgo. Rafael García Serrano y la Hermandad de Caballeros Voluntarios de la Cruz (2019), Muertes oscuras, contrabandistas, redes de evasión y asesinatos políticos en el País del Bidasoa, 1936 (2017), Demografía y familia en la Navarra tradicional (1995) edo Sin piedad. Limpieza política en Navarra, 1936 (2015). Horiez gain, bertze hainbat liburutan ere parte hartu izan du, eta horien artean, Historia del Navarrismo (1841-1936). Sus relaciones con el vasquismo (2002) eta Sartaguda 1936. El Pueblo de las Viudas (2008).
1936ko Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak babestu du bere hautagaitza, memoria berreskuratzeko egindako lanagatik.
Bederatzi hautagaitza
Vianako Printzea Sariak Nafarroako Gobernuak deitutakoak dira, «kulturaren munduan garrantzitsuak izan diren pertsonen edo erakundeen ibilbidea nabarmentzeko eta saritzeko helburuarekin». Aurtengo edizioan 20.000 euroko sari ekonomikoa banatuko du, eta oso-osorik saria lortzen duenari emanen dio. Hori lortzeko hautagaiak bederatzi dira: Mikelarenarekin batera, Atena Fundazioa dantza eta antzerki taldea, berriki hildako David Beriain Amatrian kazetaria, Teresa Catalan Sanchez musikari eta sortzailea, Jesus Hernandez Aristu filosofoa, teologoa eta pedagogoa, Miguel Ibañez Artica numismatikan aditua eta itsasoko biologoa, Patxi Mangado Beloki arkitektoa, Obanosko Misterioa Fundazioa eta Cesar Oroz Martija komikigilea eta ilustratzailea dira.