Igantziko Biltoki Ttiki zaharberritu dute gazteek

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 4a, 12:00

Fatxada garbitzeaz gain, barruko aldea margotu eta lurra aldatu dute herriko gazteek. Aitzinera begira, mural bat egin nahiko lukete. Lehendakaria den Unaxek xehetasunak eman dizkigu.

Zer lan egin dituzue?

Nahiz eta obraren helburu nagusia bigarren pisuan leiho bat irekitzea izan, bertze garbiketa eta berrikuntza batzuk (fatxada garbitu, margotu, lurra aldatu eta altzarien distribuzio kokapena aldatzeko) egin ditugu.

Nork egin ditu lan horiek?

Obra hau egiteko Biltoki Ttikiko bazkide guztiek parte hartu dugu. Izan ere, obrako denbora gehienean gu geu izan gara lanean aritu garenak, leihoaren zuloa egiterakoan ezik, hori igeltseroaren esku utzi baitugu.

Nola antolatu zarete lana egiteko?

Aitzineko obretan ikusi genuenez, bazkide batzuk bertzeak baino gutxiago agertzen ziren laguntzera eta talde bat geratzen zen lan guztia egiten. Hori saihesteko, lagun bakoitzak ordu kopuru minimo batez lan egitea adostu genuen. Gainera, aurten Aste Santuak erdiz-erdi harrapatu gintuenez, egunero hiruko taldetan banatu eta lan egitea pentsatu genuen, nahiz eta gehienetan haien txanda ez bazen ere, bazkide gehiagoren laguntza izan dugu. Horrela, pertsona bakoitzak gutxienez lau ordu egin ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun