- Elkartearen egoitzan dagoen ostatua ahalik eta azkarren irekitzeko beharra zegoela ikusirik, ostatua hartzeko deialdia azkartzea erabaki genuen.
- Orain arte, gure egoitzako ostatua kudeatzeaz arduratu diren langileak 18 urte pasa dituzte lan honetan, eta denbora guzti honetan ez denez gisa honetako deialdirik kudeatu, egoera guztiz berria izan da guretzat.
- Guk eskainitakoa ez dela lanpostu publiko baterako deialdi bat argitu nahi dugu. Baldintza jakin batzuetan eta denbora jakin baterako ostatua erabiltzeko esleipen bat egin da.
- Hautagaitzak martxoaren 15a baino lehen aurkeztu behar zirela argi utzi nahi dugu. Honen harira, barkamena eskatu nahi dugu epe hau errespetatu ez izanagatik. Zabaldutako epea bukatzera zihoala eta azken egunetan hautagaitza gehiago aurkezten ez zirela ikusita eta, betiere, gehiago aurkeztuko ez zirela pentsatuta, momentu horretaraino jasotako hautagaitzen artean hoberena aukeratzea erabaki genuen. Hau dena ostatua lehenbailehen martxan jartzeko helburuarekin. Aukera horien artean proiektu hoberena aukeratu genuelakoan gaude, zerbitzu on bat eskaintzeaz gain, herrian lau lanpostu berri sortuko liratekeelako.
- Gure erabakiak sortutako eztabaida ikusita, eta erabaki horren inguruan eztabaidatzeko asmoarekin, gure elkartearen urteroko batzarrean mahai gainera atera genuen gaia. Kontu hau lantzerakoan parte hartze handirik ez zegoela ikusita, gure karguak batzarraren eskutan jarri genituen eta honek gure kudeaketa babestea erabaki zuen.
- Lesakako herriari jakinarazi nahi diogu, San Fermin Jubilatuen Elkarteko zuzendaritza batzordeko kideon helburu bakarra, Jubilatu Elkartearen alde lan egitea eta, ondorioz, herritarren sektore honi eta herritar orori bertze zerbitzu bat eskaintzea dela. Posible dugun neurrian herriaren alde, bertze aunitzek bezala, inongo interes pertsonalik gabe lan eginez.
Bukatzeko, zuzendaritza batzordean sartzeko gonbita luzatu nahi diogu laguntzeko prest dagoen herritar orori. Laguntza guztia ikaragarri estimatua izanen baita.
Sinadura:
Eloy Boyano, San Fermin Jubilatu Elkartearen izenean