Bortzirietako preso politiko guztiak hurbildu dituzte

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 3a, 17:00

Igor Portu Zaragozan dago, Mattin Sarasola Palentzian, Santi Aragon Logroñon, Mikel Karrera eta Ibon Fernandez Lannemezanen eta Mikel San Sebastian Soriara hurbilduko dutela jakinarazi dute.

Igor Portu lesakarra Kordobatik (835 kilometrora) Zaragozako Darocara (345 kilometrora) lekualdatu zuten martxoaren 18an. Espetxe zuzendaritzak abenduan erabaki zuen espetxez aldatzea baina Covid-19a tarteko martxora gibelatu zuten.

Porturekin batera atxilotu zuten Mattin Sarasola lesakarra, 2008ko urtarrilean, eta Sarasola ere hurbildu dute. Jaenen zegoen preso (775 kilometrora) eta Dueñasera (Palentzia) lekualdatu zuten martxoaren 29an (340 kilometrora).

Joan den astean eman zuten Mikel San Sebastian lesakarra espetxez mugitzeko erabakiaren berri. 2008eko apirilaz geroztik dago preso eta Murtzia IItik (820 kilometrora) Soriara mugituko dute (260 kilometrora).

Aipatu behar da, bertzalde, hiru lesakarrak, Portu, Sarasola eta San Sebastian, lehen gradutik bigarrenera pasatu dituztela. Eta Santi Arangon igantziarra Logroñon dago (160 kilometrora).

Gainerakoan, Mikel Karrera aranztarra eta Ibon Fernandez lesakarra duela urte batzuk hurbildu zituzten Lannemezanera (330 kilometrora). Karrera 2019an hurbildu zuten Reauko espetxetik Lannemezangora eta Fernandez 2009tik dago espetxe horretan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun