Nafarroako launakako sokatira txapelketa mistoaren bila lehiatuko da Beti Gazte

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 30a, 18:00
Bi laukote kantxaratuko ditu larunbatean Beti Gaztek txapelketa mistoan.

Larunbatean Txantrean ariko dira Lesakako bi laukote

Larunbat honetan, maiatzaren 1ean, Txantrean Nafarroako launakako sokatuira txapelketa mistoa (280 kilo) jokatuko da. Beti Gazte, Txantrea, Berriozar eta Antsoainek bina taldea aterako dituzte eta Araxes ere bertan ibiliko da lehian. Honez gain, 20 urtetik beheitikoek eta kadete mailakoek jokatuko dute egun horretan lehenengo jardunaldia, eskualdeko ordezkaririk gabe.

Joan den asteburuan Lesakan, pisu astunean, txapeldun izan ziren Beti Gazteko emakumeak, baina gizonezkoetan, ezustea eman zuen finalean Berriozarrek etxekoak menpean hartuta.

Pisu arineko lehiaketak

Emakumezkoen eta gizonezkoen pisu astunen txapelketen eta txapelketa mistoaren ondotik, pisu arinetan lehiatuko dira emakumezkoak eta gizonezkoak.

Maiatzaren 8an, oraindik zehaztu gabeko plazan, emakumezkoen eta gizonezkoen 235 eta 300 kilo lehen jardunaldia eta 20 urtez beheitiko eta kadete mailako txapelketaren bigarren jardunaldia jokatuko dituzte.

Maiatzaren 15ean jokatuko dute hondarreko jardunaldia Antsoainen. Emakumezkoen 235 kiloko eta gizonezkoen 300 kiloko txapela bertan erabakiko da eta 20 urtez beheitikoek eta kadeteek hirugarren jardunaldia, eta ondotik, lehen bi sailkatuen arteko finalak izanen dituzte.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun