'Bidasoan gora' liburua aurkeztuko du Eneko Aizpuruak ortziralean Beran

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 27a, 08:30

Berako Kultur Etxean bere azken liburua aurkeztuko du idazleak apirilaren 30ean 19:00etan.

Berako Kultur Batzordeak Udalarekin eta Liburutegiarekin antolatutako aurkezpena izanen da. Bidasoan gora liburua aurkeztuko du bertan Eneko Aizpuruak.

Sinopsia

Urak egiten duen ibiliaren kontra, ibaian gora abiatu da Eneko Aizpurua: Txingudiko badiako paduretan hasi eta Xorroxingo iturrian amaitu arte, bazterrik bazter ibiliko ditu Bidasoko urak eta lurrak, paisaiari eta pasaiariei beha.

Bidaiariaren gogotik eta begietatik igaroko dira aspaldiko kontrabando-istorioak eta migratzaileen trafikoarenak, Barojaren eta Aitzolen estualdiak gerra zibilean, naziengandik ihesi ibilitako juduen eta aire-pilotuen gorabeherak, Zabalzaren eta Lopezen fin gaiztoa Endarlatsan, mugalariak, baserritarrak, eruditoak, filantropoak, faxistak…

Begirada amultsu eta aldi berean zorrotza elkartzen ditu egileak, bizitakoaren lekukotasun zuzena eta irakurketa ugariek emandako jakituria, pasadizo xeheak eta gogoeta sakonak, guztiak egoki nahasturik liburu atsegin eta mamitsua osatzeko, berezi bezain gogoangarria.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun