Nafarroako launakako sokatira txapelketako lehen txapelak emanen dituzte larunbatean Lesakan

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 23a, 12:00
Berriozarren nagusi izan zen Beti Gazteko emakumeen laukotea. Argazkia: Xagu-Lesaka

Nafarroako 4x4 sokatira txapelketako bigarren jardunaldi erabakigarria jokatuko dute gizonezkoek 320 kilotan eta emakumeek 255 kilotan

Nafarroako 4x4 sokatira txapelketako bigarren jardunaldia jokatuko dute apirilaren 24an, larunbatean 17:00etan hasita Lesakako udal pilotalekuan. Pisu astunenetako kategorian lehiatuko dira gizonezkoak (320 kilotan) eta emakumezkoak (255 kilotan). Berriozarko lehen jardunaldian Beti Gazteko mutilak eta neskak nagusitu ziren eta bide horretan segitzen badute, etxean txapela janzteko aukera izanen dute.

Beti Gazterekin batera, Antsoain, Berriozar eta Txantreako taldeak ariko dira, emakumezkoetan nahiz gizonezkoetan. Antsoainen bi laukote kantxaratuko ditu emakumezkoetan eta Txantreak bertze bi gizonezkoetan. Bigarren jardunaldia jokatu ondotik, lehen bi sailkatuen arteko finala jokatuko dute.

Maiatzaren 1ean, txapelketa mistoa Txantrean

Ondotik, maiatzaren 1ean Txantrean txapelketa mistoa jokatuko da (280 kilotan). Bina talde aterako dituzte Beti Gaztek, Txantreak, Berriozarrek eta Antsoainek eta beraiekin batera Araxes ere lehiatuko da. Gainera, egun horretan 20 urtez beheitiko eta kadete mailako txapelketako lehen jardunaldia ere jokatuko dute. Hemen ez da eskualdeko ordezkaririk izanen.

Gizonezkoak eta emakumezkoak pisu arinean ondotik

Maiatzaren 8an, oraindik zehaztu gabeko plazan, emakumezkoen eta gizonezkoen pisu arinetako (235 eta 300 kilo) lehen jardunaldia eta 20 urtez beheitiko eta kadete mailako txapelketaren bigarren jardunaldia jokatuko dituzte.

Maiatzaren 15ean jokatuko dute hondarreko jardunaldia Antsoainen. Emakumezkoen 235 kiloko eta gizonezkoen 300 kiloko txapela bertan erabakiko da eta 20 urtez beheitikoek eta kadeteek hirugarren jardunaldia, eta ondotik, lehen bi sailkatuen arteko finalak izanen dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun