Mikel Zabalzaren desagerpenari eta heriotzari buruz mintzo den Non dago Mikel? dokumentala ikusteko aukera izanen da apirilaren 25ean, igandean 19:00etan Lesakako Harriondoa Kultur Etxean. Sarrera 3 euro kobratuko dute.
Sinopsia
Honela dio dokumentalaren sinopsiak: «1985eko azaroa. Guardia Zibilak, terrorismoaren kontrako operazio baten barrenean, Mikel Zabalza atxilotu du, autobuseko gidari gazte bat, beste batzuekin batera. Gainerako gazteak askatu dituztenean, tortura basatiak jasan izana salatu dute. Baina Mikel falta da. Agintariek ihes egin duela esan duten arren, bizirik aurkitzeko esperantza ahuldu ahala, Euskal Herriko kaleetan oihu bat adituko da gero eta ozenago: Non dago Mikel?».
Ion Arretxe, Idoia Aierbe, Garbiñe Garate eta Mikel Zabalzaren senide eta ilobak elkarrizketatuz osatutako 80 minutuko dokumentala da.