Mikel Taberna Irazoki

«Denok ditugu gure arkanbele kantak eta liburuan nireak ageri dira»

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 24a, 08:00
Mikel Taberna Arkanbele kantak eskuartean duela. Liburuaren azala Ignacio Larra beratar artistak egina da.

'Arkanbele kantak' bere azken poema liburua argitaratu du Alkaiagakoak; dioenez, «gai diferenteei buruz idatziriko poemen bilduma bat da» eta memoria pertsonalari eta kolektiboari egin dio keinu

G. PIKABEA | ALKAIAGA

«Bakoitzak bere arkanbele kanta» duela sinetsita dago Mikel Taberna Irazoki (Alkaiaga, 1957) eta berak ere berea duenez, «horietako batzuk» bildu ditu Arkanbele kantak bere azken liburuan. Alkaiagakoaren laugarren lana da, bere bigarren poema liburua, eta Susa argitaletxearekin argitaratu berri du. Bidasoaldeko eta «Iruñeko atzerriko» kontu aunitz bildu ditu liburuan, Gerra Zibileko eta 1970eko historiak, isildutako kontuak eta haurtzaroko eta gaztaroko oroitzapenak.... Gai aunitz ditu aipagai, «irakurle bakoitzak berea edo bereak bereizteko, zerbaitengatik eragiten diotenak, zerbaitengatik zerbait sentiarazten diotenak».

Arkanbele kantak zure bigarren poema liburua argitaratu duzu. Aurkeztuko zeniguke?

Gai diferenteei buruz idatziriko poemen bilduma bat da, aspaldi samar eginak batzuk, sortu berriak bertze zenbait. Lehenago ere errana dut poemak hartzen ditudala pintoreen koadroak balira bezala, eta halaxekoak dira hemengoak ere: batzuetan irudi baten erreprodukzioa ageri da, bertze batzuetan gertaera edo istorio bat kontatzen da, eta bertze batzuetan ideia edo pentsamendu bat plazaratzeko asmoa dago.

25 urte pasatu dira zure lehenbiziko poema liburua argitaratu zenuenetik...

Orduko hark ez du oraingoarekin ikusteko handirik. Hartan, bizitzen ari ginen garaiaren inguruko gogoetak gailentzen ziren, gehienbat. Oraingo honetan, gai edo eremu gehiago izan ditut langai. Bertzalde, egile honek esperientzia zerbait pilatu du handik honat pasatu diren urteen poderioz, eta hori forman ere nahitaez nabarituko da.

«Gai diferenteei buruz idatziriko poemen bilduma bat da»

Mikel TABERNA IRAZOKI, Idazlea

Hamaika ataletan banatu duzu liburua, eta poemak ez dira egin berriak… Nola osatu duzu? 

Lehenbiziko atala aitzinsolas modura egina da, eta bertan bada narrazio labur bat, bizia deskubritzeaz mintzatzen dena. Azkenekoa, berriz, gibelsolasa da, eta han ere bada bertze narrazio bat, non aipatzen den heriotzaren nahitaezko etorrera. Gainerako bederatzi ataletan, idazle honen orain arteko bizialdiko kontuak ageri dira: lekuak, pertsonak, gertaerak eta horiekin loturiko ideiak.

Gustura gelditu zara emaitzarekin?

Bai, hagitz kontent gelditu naiz, baina inprimategira sartzeko unea arte hor ibili naiz aldaketak egiten. Seguru naiz oraintxe berean ere aukera izatera, halaxe segituko nukeela: hitz bat kanbiatu hemen, bertze bat kendu han, koma bat sartu… 

Bakoitzak bere arkanbele kanta duela diozu liburuan. Hau zurea da?

Bertzeengatik erraten dugu, 'ari da hori berriz bere arkanbele kantarekin', lehenago adituriko sermoi bera errepikatzen ari bada eta aspertuak baldin bagaude harekin. Baina horretan ere hemen denak igualtsu gabiltza: denok ditugu geure arkanbele kantak, bakoitzak bere ideiak, handik edo hemendik erakusten ditugunak uzten digutenean. Eta, noski, liburuan ageri direnak nire horietako batzuk dira. 

Narrazio, eleberri eta poema artean  

Mendearen ilunabarrean poema liburua izan zen Tabernaren lehenbiziko lana (1996). Geroztik bertze hiru argitaratu ditu: Errege eguneko panpina (2000) eta Txokolatezko dinamita (2001) narrazio liburuak, eta Alkasoroko benta eleberria (2013). Laugarren lana du Arkanbele kantak.

Argazkia: Adolfo Lacunza

Arkanbele, arkaule, arkulo, akalamendi… Haurtzaroko oroitzapenekin lotzen duzu arkanbele mamorroa?

Arkanbeleak haur-gazte denborara eramaten nau, eta, bereziki, sorlekuko paisaiara, Alkaiagara. Iruñean ez dut arkulorik egundaino ikusi. Intsektu honek arboletan egiten du bere txokoa; haritz zaharren zur usteltzen hasia maite du bizitzeko. 

«Bizipen batzuen hondarra 
hor nonbait gelditzen zaigu»

Mikel TABERNA IRAZOKI, idazlea

Zuen sinestea ere bazenuten… Eta hortik eskapatzeko formula ere bai…

Arkulo arrak baditu adar moduko antena ikusgarriak, eta haurrak ginela sinetsiak geunden horiekin begiak ateratzen ahal zizkigula. Izutzen ginen hura hurbil ikustean. Horregatik, batzuek ikasi zuten zer egin libratzeko: «arkuloa beheiti, arkuloa beheiti!» oihu egiten zioten, horrela goiti eginen zuelakoz, arkuloak erraten zaionaren kontrakoa egiten baitu beti.

Zerbait berezia erran nahi izanen du zuretzat. Azalean ere bere irudia ageri da…

Erran dizut nire oroitzean hor dela beti, nire bizipenetan. Eta liburuaren izenburua hautatzearekin, pentsatu genuen ezin egokiagoa zela azalean ere agertzeko, hain ikusgarria baita! Gero, Ignacio Larra sinatzen duen beratar artistarekin solas egin, eta hura ere konforme. Emaitza bistan da: irudi zoragarri bat, jendearen begiak xurrupatzen dituena.

Ama Pilar, aita Mañuel, etxekoak… presente dituzu liburuan…

Alde batetik, haienganako nire sentipenak agertu ditut; baina bertzalde, haiek eta haien belaunaldiak bizituriko gertaerak eta haien denboretako gaiak ere atera nahi izan ditut plazara.

«Ingurura begiratu eta hura ere ekartzen saiatu naiz»

Mikel TABERNA IRAZOKI, idazlea

Baita sortetxea ere, Alkaiagako benta…

Bai, sortetxea ere aipatzen dut, baina denbora batekoa, 1968 jartzen baitut. Telebistarik ez zen garaian, gure etxera mundu bat sartzen zen egunero. Erne egonez gero, gure begiek eta beharriek ez zuten «jateko» deusen faltarik izaten: jendeak, koloreak, musikak, istorioak… Hartaz guziaz solas eginez, handik honat gure gizartean izan den aldaketa izugarriaz ohartarazi nahi dut.

Gerra Zibileko kontuak ere ageri dira, edo 70eko urteak… Ez dira gai arrotzak zuretzat… Lehen ere landu dituzu bertze liburuetan…

Gerra Zibilaren ondotik etorri ginen gu, haren ondorioekin markatua gelditu zen gizarte batera. Eta gatazka ikaragarri hura manera batean edo bertzean bizitu zutenek zerbait kontatu ziguten, baina gauza aunitz ez. Kontestarik gabeko galdera mordoska bat dut hartaz, eta jakin nahi handia. Eta 70eko urteak zergatik? Bizitzaren etapa guziek markatzen gaituzte arrazoi batengatik edo bertzearengatik. Bizipen eta emozio batzuk galtzen ditugu denborarekin, baina bertze batzuen hondarra hor nonbait gelditzen zaigu, eta ez da harritzekoa poemetan agertzea, nahita edo nahi gabe. Hortik etorri dira liburura, baita ere, urte horiek, nire gazte denborakoak.

Bidasoaldeko kontu aunitz ageri dira, baina baita zuk diozun «Iruñeko atzerriko» kontuak ere. Ez dituzu kasualitatez aukeratu… 

Bizitoki izan ditut sorlekuko herri ttikia eta estudioetarako eta lanerako hautatu nuen herri handia, eta bietan denbora luzea eman dut. Paisaia eta bizimodu diferenteak, batean eta bertzean, jendeak eta tokiak. Biek eragin didate, eta normala da biak poemetarako bazka izatea. 

«Ilusioa galtzen ez badut zerbait etorriko da berriz nozbait»

Mikel TABERNA IRAZOKI, idazlea

Isildutako kontuak, haurtzaroko eta gaztaroko kontuak, gerrakoak, Kotto, Mikel Zabalza, Uztaritz ijitoa… Gai aunitz dira. Horien artean zerbait nabarmenduko zenuke?

Egiten ahal zen liburua gai baten edo bizpahiruren gainean bakarrik, baina nahiago izan dugu honela izatea: gai multzo bat, erakusketa areto bateko gelak, bisitatu nahi dituenarentzat. Nik ez nuke honako hau edo horrako bertze hori nabarmendu nahiko. Uste dut irakurle bakoitzak berea edo bereak bereiziko dituela, zerbaitengatik eragiten diotenak, zerbait sentiarazten diotenak.

Memoria pertsonalaz eta kolektiboaz aritu zinen aurkezpenean…

Poemetan lehenbiziko pertsonan aritzen naizenean ere, ez naiz beti edo bakarrik neure buruaz ari. Alde batetik, nire belaunaldiko jendeaz ere ari naiz; bertzetik, ez dut neure burua bakarrik enfokatzen, ingurura begiratzen dut ia beti, eta hura ere ekartzen saiatzen naiz. Edo nire sortetxea orain dela 50 urte nolakoa zen kontatzen badut, denbora hartan gure etxea bezalakoak ziren etxe guziez ari naiz, denda-ostatu-biltoki zirenez.

Bertso munduarekin duzun lotura agerian gelditu da errimekin…

Bai. Ez naiz saiatu poemak neurri zehatzetan sartzen, baina errimak etorri zaizkit, berez bezala, batean baino gehiagotan, testuari musikalitate bat emateko, edo enfasi egiteko. Batzuetan poemak erdi kantatu ere egiten nituen neure baitan, sortzen ari nintzen bitartean. 

Taberna Irazoki, ez amurri ta ez izoki. Horrek atentzioa eman digu…

Koplari-ditxolari zirikatzailerik ez zen falta denbora batean, eta denentzat izaten zuten zerbait. Irazokitarrak ez gara gutti zona honetan, eta Bidasoari begira hainbertze ordu ematen baikenuen, kopla horixe tokatu zitzaigun.

Zure laugarren liburua da. Gehiago etorriko dira?

Ezin jakin. Ikasten segitzeko jakin-mina eta dakidanaz idazteko ilusioa galtzen ez badut, eta espero dut ezetz, zerbait etorriko da berriz ere noizbait. 

Zerbait gaineratuko zenuke?

Ez zait bertzerik deus gogoratzen. Ez bada eskerrak ematea Ttipi-Ttapari, bere leihotik agertzeko aukera emateagatik, eta jendeari gonbita egitea liburura sartzeko, eta dastatzeko bertako poemak, ea gustukoren bat harrapatzen duten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun